Aldiro-aldiro, izaera, kutsu eta itxura arras ezaguneko kartelak agertzen dira gure herrietako hormetan.Batzuk sinatuta. Beste batzuk ez.Egunotan "euskararen hiltzaileak" seinalatzen omen dituzten afixak agertu dira han-hemenka. Horietan Euskal Herrian diren Hizkuntza Politikarako arduradunak: EAEko Baztarrika, Nafarroako Pegenaute eta Iparraldean diharduen Brisson ageri dira, batzuk besteen ondoan. Guztiek berdin jokatuko balute bezala.Euskararen "hiltzaile" izendatuta.Sinatu gabe, noski.Gehiegi sakondu gabe, markako astakeria dirudi Pegenaute eta Baztarrika maila berean jartzea, adibidez. Baina edozerk balio omen du zuria eta beltza, beste kolorerik erabiltzen ez dutenen mundutxoan."Gurekin dagoena, gure. Gurekin ez dagoena, etsai".Batzuk lehengoari helduta bizi dira oraino. Eboluzioa luze eta motel doa... aurrera? Edonola ere, hiltzailerik ez, baina gure uste apalean euskararentzat hilgarriak diren zenbait eragile, jarrera eta jokabide zerrendatzera animatu gara.Horra:Españolistek eta frantsesek gobernatutako instituzioetatik datozen erasoak: Nafar gobernutik, Iruñeko eta Nafarroako beste udal askotatik edo gobernu frantsesetik eta Iparraldeko udal gehienetatik adibidez.Hedabide espainolek oro har egiten dizkiguten erasoak, agerikoak (El Mundo, La Razón, Diario de Navarra, Cope, A-3...) edo ez hain agerikoak (Vocento, Prisa eta beste...)Euskal herritar erdaldun askoren (espainolistak gehienetan, baina zenbait abertzale ere bai) jarrera oldarkorra edo mespretxuzkoa...Baina, era berean:_ Abertzaleek gobernatutako zenbait instituzioren utzikeriak edota euskararen erabilera partidistak (instituziotik instituziora alde handiak aurki daitezke, alderdi berak edo bertsuek agindu arren)._ Euskararen erabilera partidistak oro har._ Euskaldunon hizkuntza komunitatea pitzatzen duten jarrerak._ Euskara txapela gisa baizik ez erabiltzea, hau da, mitinetan pixka bat, manifaren batean, Korrikan apurren bat, Nafarroa Oinez-en txosnan eskatzeko orduan, ez dakit nork belaunaldi osoak euskaldundu behar dituela exijitzeko agerraldian, eta noski, 10 urtetik beherako umeei eta txakurrei hitz egitean, eta horrekin batera eguneroko jardun arruntetan, lagun artean, edota kalean euskarari paso egitea._ Euskal herritar "euskaldun" askoren utzikeria._ Euskararen erabilera berreskuratzeko ardura umeei "oparitzea"._ Afixa iraingarriak edo mehatxuz josiak zabaltzea eta abar, eta abar...Horrelako kartel iraingarriak edota mehatxuz josiak hormetan inkatu ordez, hobe genuke euskaraz naturaltasunez jardun eta auzoarekiko errespetuz, kamiseta berdina eraman ez arren, erakustaldiak olinpiadetarako utzita.Euskarak ez du "independentzia" "borrokaz" lortuko. Euskaldunok goxo-goxo eta sarri-sarri erabiltzea, euskarak gutxi gehiago behar du.Euren artean erdara erabiltzen duten "euskaldunek" ez dute sinesgarritasunik erruak Pegenauteri, Sanzi edo San Pedrori egotzi arren edota euskararen alde ozen eta nabarmen agertzen ahalegindu arren, edo Korrika guztietan lekukoarekin edo hari segikaibili arren edo ikastolen eta Euskal eskola publikoaren festetan txosnak husten ibili arren.Irain gutxiago eta elkarrizketa eta harreman gehiago, mesedez. Euskaraz ahal dela.