Basakeria

Sakanako ETXERAT 2007ko api. 23a, 00:00

Gordinago, garratzago, ageriago edo lausotuago, baina atxiloketa bakoitzean agertzen zaigun mamu erreal ikaragarri latza da torturarena. Azken atxiloketetan ere. Oraingoan pare bat gehigarri izan dira: oka egin ondorengo botatakoa xurgatarazi eta ipurtzulotik sartuz egur batekin bortxaketa. Berbetatik ukitzen gaituen errealitate basatia. Atxiloketa bakoitzaren ondorengo senideon izua. Gure seme-alabak baitira torturatuak. Politikoei, aldiz, oso urruti geratzen zaie tortura, bizipenetatik urruti, baina batez ere interesetik urruti. Badakite egia dela, ukatu ezin duten egia, baina gorrarena, itsuarena eta mutuarena egiten dute. Bada salatzen duenik, baina torturaren ideia da salatzen duena, edo urrutian gertatzen zaizkien torturak; bertako torturen errealitate gordina aurrera datorkionean beste aldera begiratzen dute. Edo frogatzeko eskatzen digute, jakin dakitenean Estatuko zokorik seguru, gorde eta helezinenetan gertatzen direla gehiegikeria lotsagarriok. Guk seme-alaben testigantza zuzena dugu, tartekorik gabe, politikoen hitza baina fidagarriagoa. Soka luzea du torturaren erantzunkizunak: Lege Antiterrorista eta Auzitegi Nazionala, sekula ezer entzun eta ikusten ez duten forenseak, ezer jakin nahi ez duten ofiziozko abokatuak, atxilotuaren egoeraz jabetzen ez diren lehen instrukzioko epaileak, komunikabide gehienen isiltasun konplizea, eta bizkarra ematen diguten politikoak. Sistema politiko honetan muineraino txertatua dagoen politikarako baliabidea da tortura. Helburu politikoetarako erabilia eta isildua. Korapilo politikoa askatzen denean desagertuko da agian jokabide krudel eta anker hau. Bitartean salaketa da gure garrasia, eta konponbide politikoa gure exijentzia