Ezaguera zientifikoarekin mantentzen dugun erlazioa normalean ez da batere zientifikoa eta askotan gehiago hurbiltzen da eremu ideologikora, ez denean fedearen eremu labainkorrera gerturatzen. Nahiz eta gehienok formazio zientifikorik ez izan (neure burua artean), medioek etengabe ematen diguten informazioa sinisteko ala gezurtatzeko joera dugu, medioaren edo sinatzailearen arabera.Horrela inongo datu baliagarririk eduki gabe, irensten ditugu askotan irensten ditugun disparateak. Hau gutxi balitz, askotan errazago onartzen ditugu gure aurreiritzietara gerturatzen diren ideiak ez hauek desmuntatzera bideratzen direnak baino. Gogoratzen dut momentu zehatz batean, prentsak sekulako txosten zientifiko pila argitaratu zituela azukre kontsumoak eduki zezakeen osasun-arriskuaz ohartarazten. Handik gutxira beste txosten zientifiko batzuk agertu ziren, aurrekoak bezain beldurgarriak, edulkoranteen batez ere sakarinaren kontsumoak minbizia sor zezaketela esanez. Ohitugabeko edozein pertsona dilema baten aurrean egongo zen, izan ere edozein goxotasun heriora zeramatzan. Baina laster jakin genuen kanpaina "zientifiko" hauek Kuba (azukrea) eta EEBB (sakarina) arteko borroka ekonomiko ideologikoaren testuinguruan kokatu behar zela. Honen ondoren, garagardoaren edo ardoaren kontsumoak(hori bai, neurriz) eragin onuragarriak dituela entzuten ditudanean,ikerketa horien atzean produktu horien ekoizleak ikusten ditut.Joan den mendearen hasieran errespetu,ospe eta sen handiko gizon "zientifikoek", ehunaka artikulu argitaratu zituzten, non frogatzen zuten emakumearen ahultasuna gizonarekiko.Moebiusen liburuak nolabaiteko ospea lortu zuen: "Emakumearen gutxitasun mentala. Emakumearen gutxitasun mental fisiologikoa".1905ean Edmundo Gonzalezek izenburu bera zeraman artikulua argitaratu zuen, eta emakumearen gutxitasuna zerebroaren tamaina txikiagoan oinarritzen zuen. Adibideak biderka daitezke. Orain barre egiten dugu, baina guretzat serioak diren zenbait kontuk ez diete barre eragingo gure bilobei?