"Presoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriekin amaitzeko, hala nola, sakabanaketarekin, beraien ingurune afektibo, sozial eta politikotik urruntzearekin, bizi osorako espetxe zigorrarekin, e.a., nik hautetsi-gai izanik, euskal presoak dagozkien eskubideen jabe izanik Euskal Herriratzeko konpromisoak hartuko ditudala baieztatzen dut" zioen orriarekin jo dugu bailarako zinegotzi hautagaiengana. Batzuei ezin izan diegu eskura eman, eta zerrenda-buruetara jo dugu. Zerrenda batzuetara ezin izan gara heldu ere. Nolanahi, 180 orri izan dira banatu ditugunak.Erantzunari dagokionez, EAE-ANVren ia denen sinadura jaso dugu, NBren bi zerrendena, Agrupazio batena, eta beste baten zain gaude. Pentsaera ezberdinetako zinegotziak daude. Aipatzekoa: herri bateko jeltzaleek orriak dionarekin ados egon arren, sinatu ordez idazki bat agindu digute baina zutabe hau bidaltzeko orduan oraindik ez zaigu heldu. Ez digu inork harrera txarrik egin, ez digu inork arrazoirik kendu, baina sinaduretan uste genuen baino erantzun kaskarragoa izan dugu. Programetan ere ez dugu presoen aipamenik irakurri, nahiz beraien herrian preso eta iheslariak izan. Ez zaio, hitzetatik harago, konpromisoari heldu. Madrilek errepresioaren bidea hartu duela genionari, oraingo epeltasun hau erantsi behar diogu. Ez dugu etsiko eta orain arteko lanari jarraituko diogu egoera gordin honi amaiera emateko.Presoei dagokienez, ezin izan dute bozkatu. Ezin izan diegu bozketarako paperetarik pasatu edo ofizialki berandu heldu zaizkie. Bakoitza ahalegindu da ahal izan duen bezala bere boza korreoz bidaltzen.