Badakit izenburu honek gutxienez pertsona baten begirada erakarriko duela, zurea, Erdozia Jauna, eta zure Sakanako Hizkera Batua liburu berriaren aurkezpenarekin batera ohore egin nahi izan dizut. Nire zezenketa partikular honetan, lehenengoa zuri opa dizut. Zure lanak besteona errazten du, denok ez baitaukagu zure ezagutza.Goraipatzekotan ere, ez dut ahaztu nahi Mankomunitateko Euskara Zerbitzua, haien kanpainaren leloa ikaragarri atsegin dudalako "Euskarak autobideak baino gehiago batzen gaitu". Ahalegin honetan denetarik behar dugu, erakunde eta gizabanako, denok gurdi berean indarrak eginez.Baina ez al zaizue iruditzen autobideari larregi begiratzen diogunik? Erdi erdian jarri ziguten eta oso praktikoa da, hori dudarik gabe. Niri, ordea, ubeldiek batzen gaituela iruditzen zait, eta hari bizkarra ematen diogulakoan nago. Ubeldeak Sakana osoa zeharkatzen du, autobideak bezala baina ez zuzen-zuzen, nabardurekin baizik. Orain mendilerro baten ondora, orain bestera, autoz goazenean behin eta berriz ohartu gabe zeharkatuz, nondik dabilen jakiteko zuhaitz ilara susmagarriari kasu eginez. Hori konpontzeko, leku askotan bezelaxe, ubelde ondoko ibilbidea proposatu nahi nioke agintariei, horrek benetan batuko gintuzkeelako, gure paisaia hobeto hausnartuko genukeelako eta herri bateko euskaldunak eta bestekoak elkartzeko beta izango genukeelako. Zer diozue, ideia ona, ez dela?