Diosala bitxia egiten diote kanpotarrari, alajaina, Arañazko komunitatean , Etxarri eta Arbizuko inguruan: Galduta (ed)oo?. Bazka eta aurkikuntza mediatiko ederra izanen litzateke Savater, A. Pérez Reverte eta De Lancre guztiendako, euskaldunen ohiko bazterkeria, ilunkeria eta fanatismoaren beste ale bikain hau . Tamalez, eta Complutensen eta Sorbonan ez badakite ere, arañaztarrek diosal bera ibiltzen dute Sakanatik kanpo, Iruñean esaterako, topo egiten dutenean; akabo, beraz, mauka merkea.Nik aukeran usain metafisikoa hartzen diot kontuari. Horrela, galdu antxa sentituko litzateke Jorge Oteitza hondartzako zulo hartan zeruko sabaiari begira, horrelaxe J.B. Elizanburu : " etxetik kanpo zaut iduritzen nonbait naizela galdua". Nolanahi ere "Bertan gozo"zaletasun hau, ez da herri euskaldunaren jabetza. Bada Odisean ageri ez den atal hauxe: Ulises Troiatik Itakara itzultzeko lanean zebilela, Meditarreanoan barrena Urbero izeneko ibaian gora egin zuen eta Aralar eta Andia arteko larre bateraino ailegatu zen. Udazkeneko ilbeteko gaua zen eta bide ertzeko musker batzuk gorabehera soseguz ari zen haizearen epelaz gozatzen. Aurrera egin zuen eta abarrots bat sentitu zuen muno zabal batetik. Su handi samar baten inguruan jende samalda zebilen, nor dantzan, nor laztanka, nor borrokan, nor edaten eta jaten. Dena zen auzate haragikoia, dena mozkorraldi harmoniatsua, dena orfeoi paregabea. Halatan zebilen itakarra neska bat hurbildu zitzaionean. Kalipso edo Kirkeren edertasunak hutsaren hurrengoak ziren neskaren dohainen aldean. Harri, zur eta lur Ulises ez zen deustarako gauza eta ninfa berriaren orakuluaren zain gelditu zen. Ondo-ondora iritsi zitzaionean Ulisesi lihozko zapi bat luzatu eta jostari esan zion: Galduta oo?