Erabaki ezazu: aukera gaitzazu (12914)

Iñaki Mundiñano Larraza. Bierrik elkarteko lehendakaria 2007ko urr. 18a, 00:00
Honezkero, izenburua irakurri orduko, gehienok jakinen duzue zer aipatu behar dudan, izan ere, azken asteotan iragarkia behin eta berriz agertu da Guaixe astekarian. Nafarroako Kutxak martxan du aspaldi "Zeuk aukeratzen duzu: zeuk erabakitzen duzu" ("Tú eliges: tú decides") kanpaina. Kanpaina honen helburua da zure diruak Nafarroako Kutxan sortzen dituen irabaziak zertara bideratu zuk zerorrek erabakitzea. Makina bat elkartek, erakundek eta taldek eskatu dugu dagoeneko kanpaina honetan parte hartzea. Nafarroako Kutxari egindako eskaeraren asmoa da gure proiektua bultzatzeko 67.000 euro eskuratzea (urteko aurrekontua 312.000 euro da). Jasoko dugun laguntza Nafarroako Kutxako bezerook eginiko aukeraketa kopuruaren araberakoa izanen da. Hau da, zenbat eta bezero gehiagok aukeratu, orduan eta errazagoa izanen da eskatutako kopuru osoa eskuratzea, beti ere Nafarroako Kutxaren irabazien araberako proportzioan.Kanpaina honetan lagunduz gero zer lortuko duzun? Guaixe aldizkariari laguntzea, Beleixe irratia bultzatzea, astero-astero Guaixe etxean jasoko duzula ziurtatzea, Sakanan euskarazko komunikabideak bultzatzea, kultur ekitaldien alde egitea, euskara normalizatzen laguntzea...Horretarako zer egin beharko duzun? Gauza handirik ez; Nafarroako Kutxako bezeroa bazara, gertuen duzun bulegora joan, eta gure proiektuaren alde izena eman. Hauxe da gure proiektuaren zenbakia: 12914. Ez duzu ezertxo ere ordaindu beharko, urtea bukatu baino lehen joan, erabaki eta aukeratu. Badakizu, erabaki ezazu: aukera gaitzazu. Eta bidenabar, zure ingurukoak ere animatu  12914 proiektuarekin bat egitera.