Adinekoak

Sakanako Gizarte Zerbitzuak 2007ko urr. 26a, 00:00

 Gaurko gure gizarte honetan, nahita edo konturatu gabe, bereizketa egoerak egiten dira/ditugu eta askotan normaltzat hartu ere bai. Eguneroko adibide dira sexu edo arraza bazterkeria, baina bada beste bazterkeri mota bat horrenbeste aipatzen, arbuiatzen edo azaldutakoen parekotzat hartzen ez dena,: adinekoen bazterketa, hau ere diskriminazio mota bat da. Adinekoen diskriminazioaren aurkako sentsibilizazioan oinarriturik hona hemen zenbait iradokizun bai erakunde bai biztanlegoari orokorrean zuzenduta:   1- Errespetua. Duintasun eta begirunez tratatu, euren iritzi eta desioak kontuan hartu, tratu txar físiko eta psikoetatik babestu, diru-sarrera duinak eskatuz, izan ditzaketen urritasunei aurre egiten lagunduz.    2- Auto-errealizazioa. Beraien gaitasun eta ezagutzak baliarazi, gure adin txikikoak hezten laguntzeko baina nahi dutelako eta inolako esplotaziorik jasan gabe, aisialdiaz eta kulturaz gozatzeko aukera eman.    3- Laguntza. Gizarte eta osasun laguntza egokienak izan dezaten, etxe nahiz kaleko traba arkitektonikoak murriztu, zaintzen dituzten familiak babestu, galdutako gaitasunak ahalik eta gehien berreskuratzen lagundu, bizitza sozial aktiboak ahalbidetzea.    4- Autonomia. Aukeratzeko askatasuna, adinez txikia balitz bezala tratatu gabe, euren eskubideak ezagutu eta eskatu.    5- Parte-hartzea. Gizartean eragina eta protagonismoa izan dezatela, komunitate lanetan inplikatu, hedabide, egitarau eta abarretan tartea eman.   Adinekoena gure biztanlegoaren zati ederra da, askotan era ezkorrean ikusia ere bai. Kontuan hartu beharra dago, besteak beste, jasaten dituzten tratu txarrak ikusezinak direla eta pobrezia pairatzen duten sektorerik nagusienetakoa dela. Denen esku dago bazterkeri kutsua ahal den gehien desagertzen laguntzea eta saiatzea, bai familietatik hasita bai erakundeetara (gizarte zerbitzu, osasun etxe, udal...). Denek dugu zerikusia honetan, eta edonora zuzendu gaitezke dauden eskubide eta betebeharrak gogorarazteko.    Bihar edo etzi gu ere adineko izango gara, gogoratu.