Jada denok ikusi eta komentaturik izango duzue telebistan gertatutakoa. Baita nik ere, merezi zuen eta. Gauza asko nahastu ziren hitz gutxitan. Bakoitzak dauka bere izena, pontean jarritakoa edo familiartean edota lagunek jarria baina gustukoa izan behar du nahitaez. Ez al dugu denok ezagutzen gustuko izena ez zuen batek bere izena euskaratu edo zerikusirik ez duen bat hartu duenik? Hasieran arraro xamar gelditzen da baina gero, dena normalduz doa. Bera ez dagoenean lehengo izenez deitzen dugu eta aurrez aurre berak aukeratutakoa. Azken batean, berea da erabakia eta berari zor diogun errespetuagatik bakarrik, bere jarraibideei kasu egin beharra dago.Lekuan lekuko izena ere aldatzen da aldamenekoen arabera. Irañeta Irinte da hainbat Sakandarrendako, eta jarrai dezala horrela izaten, zergatik ez? Guk Madril esan arren seinaleetan ez dugu horrela jartzen. Gogoratzen dut orain dela urte batzuk Teruelgo jendea haserretzen hasita zegoela Lleidako bideetan Terol jartzen zutelako. Argi dago herri baten izena bere biztanleek ematen diotena dela eta besteok errespetatu beharko genukeela uste dut, London, eta ez Londres, esate baterako.Zer esanik ez, hedabideek daukaten bere erantzukizuna auzi honetan. Josep Lluis hainbat eta hainbat aldiz Jose Luis bezala aurkeztua izan da, eta hori barneratu egiten da. Baina kontua ez da hau edo bestea deitzea, egiten den doinuaz baizik. Astakeriarik handiena goxo-goxo esanda, maitagarria izan daiteke. Hori da kontua, ala ez?