Estetika eta hutsaren inguruko teoria asko daude, artearen inguruan daudelarik interesgarrienak. Ekarpen hauek ikertzen dituzten talde asko daude: komisarioak, historialariak, filosofoak...Bainan heriotzaren inguruko estetikaz antropologia arduratzen da, praxis estetikoa eta gizakiaren beldurrik aintzinakoenak lotuta agertzen baitira alor honetan. Azaroak 1, arimen edo hildakoen eguna. Dolua gizarteratzeko eguna. Hilerri guztietan aztoratuta egoteko eguna; garbitu, bazterrak txukundu, loreak jarri, lurra berdindu, familitartekoak bildu...., urtero betetzen den zeremonia. Kanposantuetarako bideak kotxe-prozesioz beteko dira, jainkoentzako eskaintzak lore sorta eskaitza eterodoxo eta lehiakorretan bilakatu dira.Doluak intimidade gutxi izanen du egun hontan, ingurukoen errepasua egin beharra dagoelako. Historian zehar heriotzaren inguruko errituak ez badira asko aldatu ere, azalaratzeak hutsalkeriarako joera izan du azken urtetan. Baliteke ekonomiaren gorakadagatik izatea, bizi iraupena errazago delako okzidentetarrontzako, baina heriotzaren ideia mozorrotu egiten dugu, makilaiaz estali, zoriontsuagoak izan nahian edo. Baina nola baztertu horren egunerokoa den gauza? Hildakoen eguna ez da Halloween. Hildakoen eguna egunero da Palestinan, Nikaraguan, Iraken, Sudanen eta Sakanan.Ekintza sasiestetikoz inguratu eta estali egiten dugu errealitatea gordinegia delako den bezela agertzeko. Artea irudikapen ariketa amaiezina da. Begiekin ikusi eta hitzekin esan ezin daitekenaz arduratzen da. Nik ez dut ezagutzen heriotza baino ideia iheskorragorik, horregatik ez dut ulertzen nola artea ez den gahiago arduratzen gertakari honen inguruan suertatzen denaz. Salbuespenak salbuespen, arteak adierazpen estetiko hutsera egin du, edonismora, Arazoaren 1ean ere.