3 hilabete baino gehiago daukaten haurrekin, infekziorik ezean eta orokorrean ongi egonda, neurri fisikoak hartuko ditugu sukarra eta tenperatura jaisteko:- Giro atsegin batean egonda (22ºC), ez guztiz baina neurri batean jantziak kendu.- Likidoak edan eta ur epelean (34-35ºC) bainatu gutxienez 15-20 minutu.- Zapi hezeak edo izotzarekin jarritakoak ez dira eraginkorrak. Sukarraren aurkako botikak honako egoeretan dira gomendagarriak: - Iraganean sukar-konbultsioak izateko joera.- Familian angustia eragiten duen sukarra.- Haurrarengan ezegonkortasun orokorra eragiten duen sukarra. Kontuan izan behar da botikekin egindako tratamenduak efektu mugatua daukala. Bere eragina 30-60 minutu pasa eta gero hasten da eta gradu erdi-gradu baten jaitsiera baino gehiagorik ez litzateke espero behar. Bi botika ezberdinekin egiten den tratamendu konbinatuak ez dauka inolako oinarri zientifikorik. Ikerketa batzuek agerian utzi dute ez dela horrela emaitza hoberik lortzen bi hauetako edozein botika bakarrik emanda baino (bere dosi egokian). Are gehiago, tratamendu konbinatuak efektu sekundarioak areagotzen ditu.Sukarraren aurkako botikak:- PARAZETAMOLA (Apiretal, Febrectal...) Erreferentziazko sukarraren aurkako botika da. 10-15 miligramo haurraren kilo bakoitzarengatik da dosia kalkulatzeko era. 6 hilabete baino gehiagoko haurretan 4 orduan behin errepika daitezke dosiak. Adin hau baino gutxiagoko haurretan 6 orduan behin emango dira. Ahozkoa da biderik egokiena, botikaren absortzioa seguruagoa delako eta errazagoa delako dosiak zehaztea. Parazetamolak zapore garratza dauka eta haur batzuek ez dute ongi onartzen, baina zapore gozoko likidoekin nahastu daiteke.Edozein arrazoirengatik ahozko bidea posible ez bada, rektala erabili beharko da. Honek dosia dezente handitzera behartzen gaitu, 20-30 miligramo haurraren kilo bakoitzarengatik eta gehienez ere 5 dosi. - IBUPROFENOA (Dalsy, Junifen...) Bere zaporeagatik ongi hartua da botika hau, baina bere indar analgesikoa (mina kentzeko gaitasuna) edo sukarraren aurkako indarra ez da parazetamolarena baino handiagoa. Ez da hasten azkarrago efektua egiten eta ez du gehiago irauten ere.Dosi gomendagarria, 10 miligramo haurraren kilo bakoitzarengatik 6 orduoro. Parazetamola dosi gorenean emanda sukarra jaisteko eraginkorra ez denean, ibuprofenoa alternatiba ona da, dirudienez haur batzuk hobe erantzuten diotelako botika bati besteari baino.