Ni bizi naizen auzoari Otxarkoagako izena jarri zioten, duela berrogeita bost urte inauguratu zutenean. Otxarkoaga izena otso asko duen lekua dela ematen du, eta ez litzateke gauza arraroa izango, iparraldean "Monte Abril" izeneko mendi zabal bat daukagulako. Urte eta erdian, 15.000 biztanlerentzako kaleak, etxeak, era desberdinetako dendak eta bi eliza eraiki zituzten. Zergatik sortu zen, ordea, auzo hau? Franco, "Generalísimo de los Ejércitos de España", bisitan etorri zen Bilbora eta gure hiria inguratzen duten mendietako maldetan hainbeste txabola ikusita, eta jende pila bat haietan bizitzen, leku hau deuseztatzea erabaki zuen. Horrexegatik jaio zen gure auzoa. Pisu bateko txabolak deuseztatzeko, sei pisuko txabolak eraiki ziren. 45-50 m2-ko txabolak eta, auzoaren erdian, benetako bizkarrezurra bezala, 6 "rascacielos". Haiek bai, igogailuak dauzkate, baina beste eraikinak, hor konpon, Mari Anton! Gure auzora duela 45 urte etorri ziren gizon-emakumeek orain 70 urtetik gora dute. Eta zer? Ba, jende asko, adintsuak batez ere, ezin dela kalera atera. Zailtasun gehiegi dute beren gorputzak kaleratzeko; eta gainera, gure auzoa ez da batere laua, leku guztietatik aldapak dauzkagu... hori bai, oso leku aproposa daukagu goitibeheraz ibiltzeko. Duela 10 urte gure udalak berriztatu egin zuen auzoa, kaleak eta dendak batez ere. Orain, beste itxura bat ikusten dugu gure kaleetan zehar ibiltzen garenean; gainera, "lorategi" batzuk jarri dituzte, baina hemen agertzen diren loreak ez dira Moyua plazan daudenak bezalakoak. Badakizue zergatik... Udalak ez daukalako dirurik gure auzo honetan loreak jartzeko. Hau komeria!