Irakurri al duzue inoiz Wall Street Journala? Baina seguru Keith Johnson, hango kazetariari buruz zerbait entzun duzuela egun hauetan. Jakingo ez duzuena, kontu hau hasi baino aurrexeago AIZU aldizkarian, AEKk zabaltzen duen horretan, bera elkarrizketatu zutela da. Han, euskaltegi batean ikusitakoaren arabera, euskara irakasteko erabiltzen den metodologia goraipatzen zuen. Horrekin esan nahi dudana euskal munduarekin kontaktuan izan dela eta bera filologoa izanez gainera, euskararen egoerari buruzko ikuspegi bakarra hartu izana harrigarria suertatzen dela. Batek daki zein interesi erantzuten dion Ameriketako puntan Euskal Herriari buruzko idatzitako artikuluak.Baina hain urruti joan gabe, Sakanan bertan izan dugu tirabira txiki bat inposaketari buruz. Udalak deitutako bilera ireki batean, aurretik zehaztu gabe zegoen zein hizkuntzatan izan behar zuen. Bi hizkuntzak erabili omen ziren baina tartean izan zen gustora sentitu ez eta kanporatu zena ere. Errespetu kontua da ? Noren eskubidea dago bestearen gainetik, gizabanakoarena ala hizkuntza komunitate batena? Nor behartzen ari da egoera, euskara dakienak ala ez dakienak?Nire apustua bietara egitekoaren aldekoa da, baina ez itzultzearena, ordea. Batzar batek aurrera egin dezake orain hizkuntza batean eta gero bestean.Horrela jokatuz gero, ez dakienari jakin-mina sortu al zaio eta euskararekiko beste jarrera bat har dezake, ulertzeko gai izateko grina adibidez. Zenbait informazio gal daiteke tartean baina guztiok errespetatuak senti gaitezke. Bestela, nork inposatuko luke nor?