Duela sei urte, Milurtekoaren Helburuak hitzartu zituzten mundu osoko 189 lehendakarik eta gobernuburuk. Han hartutako beste konpromiso batzuen artean Barne Produktu Gordinaren %0,7 garapen bidean dauden herrialderi ematea izan zen. Ez zen, berriz, konpromiso hau sinatzen zen lehenengo aldia. Jada, 1970an ONUk helburu berarekin beste erresoluzio bat sinatu zuen. Askotan gertatzen ohi den bezala, goi bilera ponposo horiek argazki eta hitz eder hutsetan gelditzen dira. 1990an, garapen bidean zeuden herrialdeek %0,33 jasotzen zuten, eta gaur egun gutxiago da: %0,25. Munduan bost herrialde dira sinatutakoa betetzen dutenak. Gainera, kasu askotan ejertzitoek "bake misioetan" gastatutakoa ere, garapenerako laguntza bezala hartzen da edo emandako laguntza hitzarmen komertzialekin lotuta joaten da. Aurrekontuak prestatzeko garaia heldu da eta Sakanako udal guztiak buru belarriz murgilduta daude lan honetan.Azken urteotan zenbait Udalek gutxitu egin dute garapenerako laguntza partida eta askotan, zuzenean kudeatu beharrean, erabakitako diru kopurua Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federaziora bideratzea erabaki egin dute. Izan ere, herritarrok daukagun instituzio hurbilenaren gestioa errazteko nahian egin dutela suposatzen dugu. Horrela, gure dirua kudeatzeko erabakiak hartzen diren lekua urrentzen da, gestio horren kontrol soziala zailagoa eginez.Ez gara limosna eskatzen ari, ezta gure kontzientzia zuritzeko keinu bat egiten ere, ez, justiziaz ari gara hian zuzen. Beharrezkoak diren pausu askoren artean lehenengoa eman dezatela eskatzen diegu Udaleei. Hala ere, beste mundu bat posible dela sinesten baldin badugu, ez dugu ahaztu behar, Administrazioak egiten duena nahiko ez dela, bakoitzaren inplikazioa ezinbestekoa baita. Gogoratu: Irtenbidearen protagonista ez bazara, arazoaren zati bat zara.