Astigarragara joateko tren supersonikoa

Alfredo Zelaia Goikoetxea, Iñaki Elvira Lazkoz eta Jonjo Agirre Martinez 2007ko aza. 30a, 00:00
Ados jarri omen dira Nafarroako eta EAEko Garraio arloko kontseilariak. Miraria? Ezkio-Itsasok elkartu baditu ere, ez da ama birjina tartean izan oraingoan. AHT delako alimaleko proiektuarena izan da meritua. Milaka milioi eurok izan dute errua. Iduri denez, aurkitu dute tren supersonikoa pasarazteko bidetzar berria egiteko tartea: Sakana. Lehendik ere pasabide gutxi gurean, eta beste handiago batekin saritu gaituzte. Progresoa omen. Batzuena seguru."Gizartearentzat aurrerapen handia" izango omen. Baina aurreratu, herritar xumeok aurreratu beharko dizkiogu diruak Gobernuari, gutxi batzuek erabiliko duten tramankulua ordaintzeko, eta batez ere enpresaburu handien sakelak puztu arazteko . Km puxka batean zenbat denbora aurreratzeko? Eta portzierto, Iruñatik Donostiara joateko, Astigarragan transbordoa egin behar izateko. Egundoko "adelantoa", alde guztietatik begiratuta."Merkantziak ere" garraiatuko dituela esaten digute, bihotz oneko baina adimen gutxikotzat jotzen gaituzten herritarroi. Baina geuk, gure xinplean ere, beste leku batzuetara begiratzen badakigu; garraioen arloan aurreratuago dauden lekuetara ere bai, Alemaniara adibidez, eta badakigu han ere ez dutela lortu abiadura handiko trenak merkantzia astunak garraiatzerik. Arazo potolo samarra baitago horretarako: merkantzia astunak abiadura handi horietan garraiatzeak, trenbidearen higatze edo desgaste handia eragiten du, eta ezinezko bilakarazten. Hortaz, gure gobernante prestuek, geuk uste baino prestuago izaki, edo super-AHT berria asmatu dute, edo endredatzen eta gezurretan ari zaizkigu.Beste zerbait ere oso argi dugu: AHTren sustatzaileek ez dutela batere argi hitz egiten. Herritar "xinpleoi" ez digutela argi egin nahi alegia. Obrak hasita daudelarik, eta guztiok ordainduko ditugun diruak "aginduta" edo konprometituta, oraindik ez digute esan zenbat auto eta kamioi kenduko dituen errepideetatik, eta ez digute esan txikizioa non hasi eta non bukatuko den; ez digute esan noiz arte subentzionatu beharko dugun tramankulu hori eta nori egingo dion mesede, edo gure herriei txikizioaz aparte zein "onura" ekarriko dien, ... eta Europarekiko ustezko loturaz, zer esan? Duela egun batzuk Espainiako prentsak argitara eman zuen Frantziarekin lotura Bartzelonatik egin nahi zela, baina frantsesek oraindik ez dutela argi, ez noiz, ez nola... Bartzelona Irundik urrun samar dago ba...Ez gobernuek ez ADIFek ez diete, ez digute inolako informaziorik ez lankidetzarik eskaini kaltetuko diren herriei, herritarrei zein horiek guztiak ordezkatzen dituzten udalei. Gutxienez exijitu beharrekoa informazio osoa eta gardena, eztabaida zabala eta ez baldintzatua eta herritarron nahia aintzat hartzea da. Kontseilariek esan bezala, herritarren %80 AHTren alde badago, galde diezaiotela herriari. Zeren beldur dira ba?