Altsasun skyline (Maite ditugu gailurrak)

Raf Atxuri 2007ko aza. 30a, 00:00
Burnibide hirian, Otadialde dermioan lehengo baratzek eta larreek garabiei utzi diete tokia. Altsasu urdiaindarrendako otalur bat omen zen, hau da, probetxu gutxiko lur bat. Historiaren gorabeherek eta tren geltokiak , ordea, Altsasu egun den hiri aberats eta oparoa bihurtu zuten eta otalur horretako metro karratuek ogilur balio dute. Kontua da hilerrira bidean eta Urbasako gainei kontraprogramazioa eginez zortzi garabiren burnihagak eta hagaondoak dauzkagula zut eta harro, izanen diren eraikinen aurrekari. Altsasun koronelak ez du izanen idatziko dionik baina zalantzarik ez dago Altsasuri ez zaiola faltako argazkilari, margolari, poeta, soinu jotzaile, rumbazale edo eskultorerik irudi hau betikotzeko. Aukeran maiteago ditugu bai,Olatzagutiako piramideak, porlandegiak eta scalextrixak eskaintzen duten aukera estetikoa baina Otadiko hau ere ez da makala eta hilabete zenbaiten buruan garabiek beste bazter bati emanen diote itzal mehea.Urbasa gorenetik , Bargagainetik badira ongi samar bereizten diren eraikinak. Horietako bat etxeorratza (rascacielos) deritzana da, Otaditik ez batere urruti, Ferialekun oker ez banago ( bestela Santi Zelaiak zuzen gaitzala arren). Bada, etxeorratz horren ondoan Lurrazpi bat dago, Urbasatik somaezina eta artean Koskobilo Social Club, zeinen jabeek gain eta azpien artean aztoraturik "odolkiak ordainetan" esan, kulturgaiak utzi eta janariak ekoizteari lotu dira. Ez alferrik kultura ahotik ere sartzen da eta ahosabaian pausatzen iheskor.