Apartheid, 6 hilabete

Jose Ignazio Flores Berastegi (Ziordi), Egoitz Verdugo Markotegi (Etxarri Aranaz) eta Egoitz Urritza Lazkoz (Bakaiku) 2007ko abe. 21a, 00:00
Sei hilabete izan dituzte 182.2 artikulua indarrean jartzeko. Bakaiku, Ziordia eta Etxarri Aranazko Nabaiko ordezkari politikoek herriaren borondatea errespetatzeko sei hilabete izan dituzte. Baina, horren ordez, sei hilabete horietan guztietan, herri horietako ezker abertzaleari informazioa, ateak eta parte hartzea ukatu egin zaio beraiek bakar bakarrik gidatzen dituzten herrien instituzio horietan.Herri ordezkari horiek ongi dakite erraza dela herritarren borondatea errespetatzea. Jakin badakite 182.2 artikulua aplikatzea legala dela. Baina ez aplikatzea erabaki dute. Eta erabaki hori beraiei bakarrik dagokie, eta beraiek ordezkatzen duten koalizioan dauden alderdi guztiei (EAJ, EA, Aralar eta Batzarre).Ezker abertzalea udaletatik kanpo uztea erabaki zutenean, herritar asko udaletatik kanpo uztea erabaki zuten. Izan ere justizia espainiarrak legez kanpo utzi zituen EAE-ANVko hiru herri horietako zerrendek bozka ugari jaso zituzten Etxarri Aranatzen, Bakaikun eta Ziordian.Beste modu batean esanda, herriaren zati bakar batentzat ari dira gobernatzen. Herri horietan pertsonen eskubide zibil eta politikoak alde batera utziz.Gure herrien historiara pasako dira garai bateko kazikeek egindako gehiegikeria berdinarengatik: herritarren borondatea ez errespetatzeagatik.Baina udaletik kanpo utzi gaituzten arren, ongi dakigu zer egiten ari diren gure herrietan eta gure herrien ordezkaritzarekin Sakanan. Ardura politikoa dugulako, jarraipen estua egiten ari gara. Bakaikun, Etxarri Aranatzen eta Ziordian egiten ari diren politikagintza ongi ezagutzen dugu, beraiengatik zuzenean inolako informazioa jasotzen ez badugu ere. Eta badakigu, Sakanan, aurretik, bailara honetako pertsona asko eta asko (ezker abertzaleko asko eta ezker abertzalekoak ez diren beste asko) egindako lana errespetatu gabe ari direla. Baina legegintza hau ere bukatu egingo da. Eta herritarren borondatea ez errespetatzeaz gain, euskalgintzari bozka eskubidea kendu izanagatik, Sakanako garapen integralari bizkarra emateagatik, makropoligonoak edota herri honek behar ez dituen azpiegitura faraonikoak bultzatzeagatik eta gure bailarako hainbat sektoreri parte hartzea ukatzeagatik pasako dira historiara.Eta guk, bitartean, lanean jarraituko dugu. Gure herriaren alde lana egiteko gogoa ez digutelako kenduko, ez gure herrietako Nabaiko ordezkariek, ez inork.