Betidanik nolabaiteko arrangura izan dut gai sozialen eta elkarlanaren inguruan. GKE batean boluntario ibili naiz azken urteotan eta HEGOALDEKO lurralde batera bidaiatzeko gutizia piztuago neukan aurten noiz eta SETEM Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako ikastaro bati buruzko informazioa eskuratu nuenean. Ikastaroak "Hegoaldearekin Elkarlanean Aritu eta Ikasi" zuen izena. Tira, probatuko dugu ea zer gertatzen den pentsatuz hasi nintzen ikastaroan eta jardunaldiak aurrera egin ahala konturatu nintzen gero eta gusturago nengoela eta beste lurralde bat ezagutzeko bidaia egiteko unea iritsia zela. Ekuador izan zen helmuga. REAS Nafarroa Ekonomia alternatiboaren eta elkartasunezkoaren sarea da (SETEM bere baitan dago) eta bertan biltzen den jendeak filosofia bera du: ekonomia pertsonen zerbitzura egotea eta gizartea eraldatzeko tresna izatea, eta haiei esker parte hartu ahal izan genuen REASen eta Ekuadorren dagoen Salinas komunitatearen arteko lan-eremu batean. Salinas Ekuadorreko Bolívar probintzian kokatua dago, Guarandako Kantonamenduan eta 30 urte daramatza elkartasunezko ekonomia bultzatzen. Gure taldean 6 pertsona ginen: Silvia, Mayte, Mikel, Maria, Fernando eta Enkarni (azkeneko biak Altsasukoak), Salinaseko Parrokiara uztailaren 16an iritsi ginen, gogoberotuta, ikusminez, ikasteko, partekatzeko eta ezagutzeko nahia piztuta. Gure zeregina zen Salinasen komunitate-garapenaren lekukoak izatea, izan ere, ekimen horrek ahalbidetu dio herrialdeari duela 30 urte zegoen muturreko pobrezia gainditu ahal izatea. Euren ekonomia dibertsifikatu dute komunitatearen enpresen bitartez hala nola berdintasunean aritzen diren jarduera multzo batzuen bidez. Honela guztiendako lan duina lortu dute; bizi-kalitatea hobetu dute, batez ere osasun eta hezkuntza arloetan; migratzeko joera geldiarazi dute eta horrekin batera horrek dakartzan arazo guztiak; azkenean, dibertsifikazioan ekonomia autarkikoa bilatu dute. Gure bizipena, sentitu eta bizitu duguna, gure bihotzetan betiko geratuko dena izan da goxotasun handi bat, maitasun izugarri bat, agurrak elkartrukatzea, solasaldiak, kultura eta ezagutza harreman bat. Eraman duguna, ikaragarrizko hunkidura bat ikustean nola ile-apainketa tailer batek sortzen zuen emakumeendako topagune bat, euren bizipenak elkartrukatzeko, kezkak eta denboraldi batez lasai eta gustura egoteko tokia. Etxera ekarri duguna, Sare baten eta Komunitate baten arteko harremanak sendotzeko oinarriak, elkargune bat sortzeko, senidetze bat kulturak eta balioak partekatzeko.