Beherako akutua edo kakafirri akutuaren definizioa,12 orduko tartean, hirutan edo gehiagotan kaka likidoa edo erdi likidoa egitea da. Beherako akutua deritzo ere, egunean behin kaka likidoa, mukiarekin, odolarekin edo zornearekin nahastua egiteari; normalean botaketekin lagunduta etortzen da. Haurrek jasaten dituzten beherako akutuetan, %50 baino gehiagotan, birusak dira eragileak. Baina egiazki, urtaroen arabera izaten da: neguan birusak dira nagusi eta udan bakterioak. Gastroenteritis-aren diagnostikorako gaixoaren klinika eta aurrekariak izan behar dira kontuan. Garrantzitsua da haurraren egoera orokorra kontutan hartzea: azalaren turgentzia, aho-mukosaren hezetasuna, begiak ondoratuta dituen edo ez, pixa egiten duen edo ez, zenbat pixa egiten duen... Zenbaitetan, beherako larri edo luzeetan, kaketan odola ateratzen denean, gaixoak sukar altua duenean edo arriskuko pazienteetan, esaterako, kaken kultiboa egiten da kakafirria eragiten duen germena zein den jakiteko. Tratamenduaren helburua, haurraren deshidratazioa/desnutrizioa eragoztea edo zuzentzea da, eta oso garrantzitsua da jakitea egoera orokorrean automugatua dela; hau da, egun batzuen ondoren bakarrik sendatzen dela.Aho bidezko hidratazioa: lehen 4-6 orduetan suero hiposodikoa soilik hartu behar da, inolako beste elikagairik gabe. Ondorengo orduetan, pixkanaka, janari arinak eskaini behar dira, sueroarekin batera. Eskaini beharreko elikagaiak umearen adina eta hidratazio egoeraren araberakoak dira: -Bularra hartzen duten haurrek, bularrarekin jarraitu behar dute eta sueroa eskaini.-Formularekin elikatzen diren haur txikiei, 4-6 ordutan sueroa soilik eman behar zaie eta ondoren diluitu gabeko formularekin hasi. Zenbaitetan laktosarik gabeko esnea beharrezkoa izaten da, haurraren tolerantziaren arabera. -Umea handia denean, sueroarekin batera murrizketa dietetiko gabeko dieta askea aholkatzen da gaur egun, beti ere, umearen tolerantziari egokituta. Gehienetan ez da beharrezkoa izaten antibiotikorik ematea, bakterioengatiko kakafirrietako kasu jakin batzuetan ezik. Salbuespenak salbuespen, orokorrean beherakoaren kontrako botikarik ez da aholkatzen, ez eta gorakoa eragozten duen botikarik ere.