Urtea bukatzear dago, jai giroa jabetu da inguruan. Garratza da 12 hilabete hauei begiratzea. Irtenbide zuzen baten itxaropen haiek ihartu dira, errepresioa nagusitu da arazo politikoaren irtenbide bezala. Iragarri ziguten hiru digituko atxilotu kopuruaren ondorioz jadanik lau digitura ari da hurbiltzen presoen zenbatekoa, torturek jarraitu dute, bizi guztirako kondena aplikatu diete aske behar zutenei, oraindik gordinago aplikatu da sakabanaketa, iheslarien ehiza oraindik zorrotzagoa hastear dagoelako zurrumurrua airean dago, preso gaixoekikoa eskandaluzkoa da: Bautista, Poxtiña eta hainbaten kartzelako bizi-baldintza ankerrak: isolamendua, bakardadea, tratu txarrak zigorrak... Hitza jaten duten epaileak, politikoen morroi diren epaileak, politikarako lotsagabeki erabiliak presoak, milaka eta milaka kilometro astero errepidean: 32 istripu aurten, gastuak... Prezio latza ordaintzen dute gure senide eta lagunek bere zintzotasunagatik, zigor garratza gurea ere beraiek maitatzeagatik.Gogorra izan bada joan den urte hau, jai-girotik gutxi du etorkizunak ere. Errepresioa areagotzea agintzen digute. Baina ez digute bizipoza kenduko, ez digute gure senide eta lagun presoenganako sentiberatasuna erauziko. Ez mehatxuekin, ez beldurrarekin, ez zigorrekin, ez edonola. Jaiotan ere gure artean izanen ditugu: fisikoki ez bada ere, elkarrekin egonen gara maitasunak irekitzen dituen zirrikituen bidez. Hor egonen gara hurrengo urtean ere, gure presoengandik oraindik hurbilago. Eta herritarrok gurekin eta beraiekin hor egonen zaretela dakigu. Denon arazoa baita presoena, herri osoaren arazoaren ondorioa direlako. Etxean izaten ditugun arte. Ekarriko ditugulako.