Sakana abertzaletasuna eta sentimendu ezkertiarrak bizi-bizi dituen bailara dela ez da kontu berria. Hain zuzen ere horrexegatik jo du errepresioak hain gogor gure haranean: gerra zikina, erailketak kontrol eta espetxeetan, mehatxuak, kargak, jipoiak, atxiloketak, tortura... Euskal Herriari espainiar estatutik egiten zaion inposizioa mantendu nahi du horrek guztiak.Azken urteetan, ordea, errepresioa soilik kolore berdekoa ez dela ikusi ahal izan dugu Sakanako herri gehienetan. Azken urteetan errepresioak kolore gorria ere izan du, Polizia Foralaren kolore gorria, hain zuzen ere. Euskal Herrian dugun gatazka itxuraldatu eta arazoa polizia espainiarrarekin baino, euskaldunen artekoa balitz bezala aurkeztu nahi dute.Ugariak izan dira Polizia Foralaren esku hartzeak gurean: Olaztin indar politiko bozkatuenaren ilegalizazioagatik protestan zeuden herritarren kontra kargatu zuten; Etxarrin eta Arbizun propaganda politikoa kentzen aritu dira; Altsasun eta Lakuntzan "drogaren kontrako sarekaden" aitzakiapean herritarren kontra oldartu dira basakeriaz; Guardia Zibilarenak bezalako kontrolak ezarri dituzte errepideetan... Hortaz, zertan dira ezberdin?Arbizun urtarrilaren lehenean sufritutako eraso errepresiboak gure pazientzia agortu du. NaBai-n biltzen diren alderdi politikoek, IU-k, PSOE-k eta UPN-k alfonbra gorria jarri zioten Polizia Foralari, Altsasun egoitza jarri zezan ahalbidetuz. Horrek ekintza errepresiboak areagotzea baino ez du ekarri. ASKI DA!Datorren urtarrilaren 13an, igandearekin, arratsaldeko 19:00etan Arbizuko Udalak manifestazioa deitu du Polizia Foralak herrian eragindako gertakari latzak salatzeko. Sakanak aukera paregabea du herritarron eskubideak lasai asko urratzen dituzten indar polizialen kontra dagoela erakusteko: aukera paregabea dugu esateko ez dugula armen indarrez inposatutako ezer ere onartzen; aukera paregabea bailara aske batean, herri aske batean, bizi nahi dugula esateko.