Zangituko makropoligonoa abian jartzeko asmoa dagoela dirudi. Makropoligono hori Urdiaingo lurretan eraikiko lukete baina Altsasutik oso gertu, Burunda ibaiaren ondoan. Poligono bat eraikitzea ez da berez ona edo txarra, onuragarria edo kaltegarria. Berez ez, baina onerako izan daitekeen bezala, kalterako ere izan daiteke, nahiz eta agintari askok publikoki ez duen aitortzen normalean. Guri, hainbat galdera etorri zaizkigu burura, egitasmo honen berri izan dugunean:1. Irudi urbanistikoaz aparte, badago proiektu zehatzik makropoligonoa garatzeko? Zein enpresa mota ekarriko da? Zein irizpideren arabera?2. Altsasu eta Burundako edota Sakanako enpresen beharrei erantzungo die?3. PSIS izaerakoa delarik, NORK kudeatuko du poligonoa, Nafar gobernuak, Urdiainek, Sakanako udalek...?4. Zenbat lanpostu sortuko direla aurreikusi da? Zenbat biztanle berri erakarriko dituen aurreikusi da?5. Sakanan osasun eta gizarte zerbitzu urriak ditugularik, makropoligonoak eragingo duen biztanleen hazkundearen ondoriozko beharrak asetzeko neurriak aurreikusi dira?6. Autobideek, Burundako poligono guztiek eta harrobiek gure inguruari, ingurumenari eta beraz bizi kalitateari kalte zuzena eragiten diote. Poligono berri honek eragingo duen kalteaz azterketarik egin da?7. Gure bizi kalitateari, oro har, on edo kalte egingo dion aztertu du inork?8. Zerbait aurreikusi da? Eta aurreikusi bada, non dago aurreikuspen hori?Eta azkenik, altsasuarroi, eta Burundako (eta Sakanako) herritarroi oro har, informazioa emango zaigu? Iritzia eskatuko zaigu? Oso garrantzitsua iruditzen zaigu hori, itxura ematen duelako erdi ezkutuan aurrera eraman nahi den egitasmoa dela, herritarrei informazio gutxi eta neurtua emanez. Nahiago genuke oker egon horretan, baina horixe da gure susmoa.Herritarron ordezkari zareten alkateok, zuen erantzunen zain, adeitasun osoz