Haurrak komunikazio egokia behar du izan garatzeko eta hau etxetik hasten da. Gurasoek eta hezitzaileek, orokorrean, denbora eskaini behar diegu haurrei, interesa adierazi beraien aktibitateen aurrean. Elkarreragina behar-beharrezkoa da haurraren garapen integral baterako zein familiaren zorionerako. Elkarreraginaren bitartez gure haurren bizitzan hartuko dugu parte eta beraiek gurean, ezin ditugu ahaztu, lanpeturik bagaude ere. Denboraren planifikazioa egin beharko dugu, gure haurren heziketan eta garapenean parte izan nahi badugu. Komenigarria da guztiz, haurrarekin hitz egitea egunero, denbora gutxi bada ere, taldeka nahiz bakarka, beraien aktibitateekin interesa agertzea, nolabait beraiek interesa pizten digutela adieraztea.Komunikazio-dinamikak behin ezarriak, zail izaten dira aldatzea, eta zail izango da, beraz, haurra haur denetik daramagun dinamika nerabezaroan edo helduaroan aldatzea. Komunikazioaren bitartez konfiantza lantzen dugu beste pertsonenganako zein gure buruarekiko, geure buruaren edo auto-irudiaren erreferentzia aldatzen edo indartzen dugu eta erlazio pertsonalak lantzen ditugu. Gurasoek haurrekin harremanetan honetan guztian hartzen dute parte, kontzienteki ez bada ere. Komunikazioa seme-alaba eta gurasoen arteko arrakastaren ardatza izaten da. Inportanteena ez baita soilik guraso langile eta arduratsu izatea eta guztia aurrera ateratzea, baizik eta harreman afektiboa eraikitzea.Askotan nekatuak heltzen gara etxera eta ia ez daukagu seme-alabentzako denborarik, beraiek lotara joateko ordua delako. Baina, bost minutu badira ere, haurrari galdetu behar diogu bere eguna zelakoa izan den, zerbait berria ikasi duen edota norbait berria ezagutu duen. Era natural batean egin behar dugu galdera. Ez dugu erantzuna behartu behar, baina bai elkarrizketa sortzen ahalegindu. Haurrari egunez egun ohitura hori irakasten badiogu, hau da, gurekin komunikatzen irakasten badiogu, helduagoa denean, natural hartuko du seme-alaba eta guraso zein beste hezitzaileen arteko komunikazioa. Guraso askok nahi izaten dute, 12 urteko seme edo alabak asteburuan egin duena kontatzea. Baina, alferrik ariko dira txikitatik natural komunikatzen irakatsi ez badiote; oso zaila izango da beren erantzun naturala, hau da, egiazkoa lortzea.