Heziketa da jendarte ororen oinarri; hortaz egungo gizarte patriarkalaren funtsezko elementua dela esan dezakegu. Sexuen arteko ezberdintasuna pertsonaren sozializazio prozesua gorpuzten duten heziketa hainbat esparruren baitan eratzen da: familia, aisialdia, eskola, komunikabideak eta abar. Prozesu horretan zehar neska-mutikoei hainbat rol eta balore egokitzen zaizkie eta gaitasunen garapena bultzatzen da, sexuaren arabera. Egoera horrek ekarri du pertsonen garapena partziala izatea, izan ere, emakumeek etxeko esparruari eta eremu pribatuari loturiko gaitasun, balore eta jarrerak eskuratu dituzte (sentsibilitatea, goxotasuna, ardura, pairamena, emate handiko izaera...), eta gizonezkoek, aldiz, eremu publikoari loturiko gaitasun, balore eta jarrerak (ekimena, adimena, autoafirmazioa, lehiakortasuna, segurtasuna...). Emakumeei eta gizonei egokitutako eginkizun horien inguruan, gizartearen banaketan eta hierarkizazioan oinarrituriko gizarte antolaketa baten eredua eraiki da, oraindik ere esparru publikoa etxekoa baino hobeki baloratzen delarik. Hasiera batean ezberdintasun biologikoa besterik ez zena, gizarte baten antolaketarako ezinbestekoa bihurtu da honela pertsona bakoitzaren etorkizuna baldintzatuz. Jostailuen katalogoek adibidez azaltzen dute ondoen, modu oso bisualean, bizitzako lehen 10 urteetan norantz bideratzen ditugun neskak eta norantz mutilak.Hezkidetzan oinarritutako pertsonen aukeratzeko askatasuna bermatuko duen beste heziketa eredu bat behar dugu lehen aipatutako esparru guztietan. Honek pertsonen garapen integrala ziurtatuko luke sexuen araberako baldintza eta oztoporik gabe. Horregatik, denok heziketan subjektu aktiboak garelako, eragile garelako, har dezagun hezkidetza oinarri pertsonak libreki garatu ahal izateko eta orain arte sistema patriarkalak eraikitako mugak puskatzeko jendarte parekide baten bidean.