Badira 3 urte Euskal Herriko hainbat eragilek eskolak euskalduntzeko kanpaina honi hasiera eman genionetik. Jakina da, datu ofizialekin, gaur egun Euskal Herrian 3 haurretatik soilik bakarra euskalduntzen dela. 2005/06 ikasturtean, 107.768 euskaldunek eskolak euskalduntzeko konpromisoa betetzea eskatu genuen eta gaur egun, oraindik, euskara ezagutzeko eskubidea bermatzearen alde ez dira inolako aurrepausorik eman. Urraketak garbiak dira: • Vascuencearen legea: euskaraz ikasteko eskubidea, jaiotako zonaldearen arabera sailkatua. • Hello haur eskolak eta British ikastetxeak: euskarazko haur eskolen eskaera gora doan arren eta D ereduko ikastetxeak gainezka egon arren, administrazioaren erabakia ingelesezko ereduak sortzea da.•Unibertsitatea: unibertsitatearen profil linguistikoa zehaztu gabe. Ez dago euskarazkoa soilik den eskaintzarik. •Lanbide Eskolak: Euskarazko eskaintza ez da praktikoki eskaintzen. •Helduen euskalduntze eta alfabetatzea: Hezkuntza sistemak kaltetuak diren horiek euskara ikasteko determinazioa hartzen dutenean ere zailtasunak besterik ez dituzte topatzen. •Nafarroaren Euskararen Institutua: Nafarroako Gobernuak aurpegia zuritzeko asmatutako trikimailua da. Legea aldatu gabe euskaldun eta euskaltzaleen amorrua lausotzeko sortutako tresna. Ereduen politikek porrot nabarmena jasan dute, aldaketa sakonak eta berehalakoak behar ditugu. Iruzurra salatu eta Hizkuntzaren ofizialtasunaren eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean pauso berriak emateko garaia da. Horrela bada, Eskolak Euskaldundu ekimenak, datorren urtarrilaren 25ean, ostirala, Iruñean arratsaldeko 18:00etan autobus geltoki zaharretik aterako den manifestaziora gonbidatzen zaitugu.