Ihote garaian sartu gara Pazkoak ahazteko denborarik gabe. Gaitzerdi! Guk ospakizunei ongi etorria ematen diegu edozein unetan izanda ere. Mozorroak prestatzen ditugula, zaku zaharrak edo pelukarik modernoenak janzten ditugula ere, gure izatea pixka bat irekitzen dugulakoan nago, hitz egiteko eta txantxetarako gogoz. Horrelakoetan ez zaigu batere kostatzen peruanoz, arabiarrez zein mandingaz janztea, eurei buruz barre egin beharrean, geure buruari egiten diogu, itxura xelebrea dela eta. Ez dago gaizki, noizean behin gutxienez, haien itxura hartzea; gure etnozentrismoa kasualitatez baztertu eta haien azaleko errealitatera hurbiltzea. Ez dakit, ordea, benetako horiek zer pentsatuko ote duten gutaz euraz mozorratzen garenean.Kontua da Gure TxokoTxiki hau, Sakana, kanpotik etorritakoez betetzen ari dela, eta egoera hori oraindik hainbatentzat gogaikarria dela. Errazagoa egiten zaigu urrutiko kausekin bat egitea, baina gure aurrean ditugunak ez ditugu aintzat hartzen.Kanpotik etorritakoak diot, baina ez kanpotarrak. Seguruenik denok etorri izan gara noizbait kanpotik, gu geu ez bagara, gure arbasoren bat seguru. Nongoak dira, ordea? Hemen bizi, hemen lan egin eta umeak hemen hazten badituzte...zer gehiago behar dute hemengoak izateko? Ah, bai, badakit, hemengoekin harremanetan egotea. Erraza, eh? Bada, goazen bidea elkarrekin egitera, bakoitzak aldamenean daukanari beste begi batzuekin begiratzera, ihoteetako betaurreko barregarriak jantzita bada ere.Etorri berriak integratzeko asmotan, Mankomunitateak hasi duen kanpaina oso ona iruditzen zaidala esan beharra daukat. Haien/ Jatorrizko hizkuntza eta ohiturak mantendu eta euskaraz matrikulatzeko eskatzen zaie etorkinei. Liburuxka horretan neure bizitzan lehenengo aldiz errumanieraz eta amazigh hizkuntzan ikusi ditudan testuak daude. Txalo bero bat. Lortuko al dugu hemen hemengoak eta han hangoak sentiaraztea?