Turismoa izugarri hazi da azken 50 urtetan eta horrek eragin kaltegarria eduki du zenbait eremutan: ekologian (landa lurrak urbanizatzea, ekosistemak eta beste sektoreek beharrezko duten ura lekuz aldatzea, kutsadura...), ekonomian (inflazioa, sektore berriarekiko dependentzia eta betiko jarduerak desagertzea...), sozioekonomian (ezberdintasun sozialak handitzea) eta kulturan (herriak nahi ez dituen aldaketak kulturan).Hori guztia oinarri hartuta, hiru jardun-ildo proposatzen ditu turismo arduratsuak:a) Leku bakoitzeko errealitatera egokituko den turismo iraunkorraren garapenaren alde egiten behar da. Horretarako tokian tokiko gizartearen, kulturaren, ekonomiaren eta ingurugiroaren ezaugarriak hartu behar dira kontuan.b) Turismoak harrera gizartean eta ingurunean egin ditzakeen kalteak salatu behar dira eta kaltetuei laguntza eskaini behar zaie.c) Turista, bidaia antolatzaile eta herrietako instituzio publikoak turismo iraunkorraren alde inplikatu daitezen lan egin behar da.Aldaketa horiek lortzeko oinarrizkoak dira herritarrak, beraiek baitira aktore nagusiak. Herritarrek turismoak sortzen dituen kalteak ezagutuko balituzte, gizartea eta ingurugiroarendako mesedegarriak diren turismo ereduak aukeratuko lituzkete. Herritarrak dira turismo eustezina salatu behar dutenak eta instituzio publikoak legeak aldatzeko presionatu behar dituztenak.Gure taldeak turismo arduratsua bultzatzea du helburu; garapen iraunkorra, herrien arteko elkartrukea eta baliabide naturalen erabilera ona oinarri dituen turismoa. Otsailaren 12tik 14ra turismo arduratsuaren aldeko jardunaldiak hartuko ditu Iruñeak. Turismo eredu berria oinarri duten Ipar eta Hegoaldeko erakundeek parte hartuko dute bertan.