Aldapagora fama du urtarrilak. Ekonomikoki hilabete oro da aldapagora senide eta lagunontzat, bidaiek eta bestelako gastuek eragiten digutenagatik. Baina oraindik malkarrago gertatu zaigu iragan hilabetea bestelako gertakizunengatik. Jon Agirre, 64 urte, hainbat gaixotasun oso larri, 20 urte kartzelan, kondena osoki bete du eta 2011ra arte luzatu diote kondena. Pakito Lujanbio: kondena erabat betea, 2014ra arte luzatu diote kondena. Angel Figeroa, epilepsia larrialdiak jota bi aldiz eraman behar izan dute ospitalera: 92. artikulua ukatu diote, eta bi aldietan ama eta arreba bisitarik gabe geratu dira biluztu nahi izan ez zutelako. Tortura kasu izugarriak. Euskal preso bat lepoan zauritu dute: suertez ez zioten zaina harrapatu. Puerto IIIan txartel berri bat ezarri digute senide eta lagunoi: hatz markak, argazkia eta hainbat daturen kontrola, bisitatzeko eragozpenak, ... Sarekadak: presoen kopuruak izugarri gora egin du. Estraditatuak: Ingalaterra estreinatu da oraingoan. Iheslariak: Endika Iztueta hil da Cabo Verden 20 urte atzerrian eman eta gero. Bi istripu: zorionez oraingoan ez da inor hil. Sakabanaketa: hainbat preso urrutirago bidali dituzte. ... zerrenda latz bukaezina.Hauteskundeetako zurrunbilo eroak oraindik areago zitaldu du egoera. Presoak maite ditugula esan eta beraientzat txaloak eskatzeagatik zigortu nahi izan dute pertsona bat, epaitegietatik pasaraziz. Guk ozen eta argi aitortu nahi dugu maite ditugula preso eta iheslariak, denak, senideak, lagunak eta ezagunen ezagunak. Familia bat osatzen dugu, errepresioak estutu dituen elkartasun loturekin. Herriak eskaintzen digun atxikimenduarekin ez dugu etsiko, etxean eskubide guztiekin nahi ditugulako.