Narriadura kognitiboaz gain, dementzia duten gaixoek aldaketak sumatzen dituzte nortasunean, jokabidean, loan eta umorean. Narriadura horien ondorioz arazoak sor litezke familian. Zailtasuna lo hartzeko, maiz esnatzea... Eria askotan esnatuko da non dagoen ez dakiela, ezta eguneko ordua ere. Batzuk aiseago haserretzen dira, urduriago daude, ez dute deus egiteko gogorik (edozein gauza egiteko pizgarria behar dute). Dementzia duten adinekoei asko eragiten diete aldaketa txikiek edo zailtasunek, bai bere gorputzean (infekzioak, idorreria, botika berriak... ), bai kanpoan (soinuak, argi gutxiago...). Arratsean ezinegona etor lekioke (etengabe mugitzen da), batzuetan asaldura eta haluzinazioak (existitzen ez diren gauzak ikustea edo aditzea). Dementzia duten gaixoek errealitateaz jabetzeko moduaren beste sintoma batzuk dira okerreko identifikazioak (familiakoak beste pertsona batzuk direla uste izatea, haien etxea beste bat dela edo bahitu dituztela pentsatzea), lapurreta ideiak (dirua edo gauza baliotsuak falta zaizkiela uste izatea) edo kalte egin nahi dieten edo pozoitu nahi dituzten pertsonak badaudela pentsatzea. Dementziak larriagotzen direnean mendekotasuna izaten da ibiltzeko, janzteko, garbitzeko, jateko. Zauriak eta infekzioak ere ager daitezke, baldin pertsona beti ohean badago, elikadura desegokia badu edo oso ahul badago.Eritasunaren fase ezberdinetan ahal den autonomia handiena eta laguntza eman behar zaizkie gaixoei, orekaz. Horrela lortzen da eritasunarekin batera bizitzea. Eta aurrera egitea gaixoaren, haren familia edo zaintzaile nagusien eta sistema soziosanitarioak eskaintzen dituen aukeren eskuetan dago.