Abenduaren 2an Titinek Historiarekin hitzordu bat zeukan. Esku pilotan egin duen ibilbidea guztiz oparoa izan da, ikuskizun sortzaile aparta, jokatzeko tankera grinatsu eta ausartaren jabea, txapelketa anitz erdietsia...Baina grinak grina eta lorpenak lorpen, zeukana baino falta zuena gogora ekartzen zioten maiz: buruz buruko txapela bat, alegia. Ogeta pilotalekuan zeukan azken aukera izan zitekeen, denboraren orratzak plegatzen hasiak ziren haren adore eta trebezia. Ezin hutsik egin ,hortaz, eta alajaina partida lehen erdian ia-ia hutsik bat ere egin gabe joan zen. Loriaren guneraino bide zelaitua eta leuna zen oso.Bigarren erdia, ordea, ez zitzaion hain samurra suertatu eta Barriolaren hatsa gertu-gertutik sentitzen hasi zen markagailuan. Tantoak ero egokitzen ziren noiz gorri noiz urdin eta hogeita batgarrenera iritsirik, azken sakea egiteko tenorean Historiak keinu bat egin zion Titini, baina hark ez jakiten mehatxuzko ala garaipenezko keinua ote zen.Pilotazale ugarik ongi iltzaturik zeukan gogoan Retegik irabazi (edo hortz artetik kendu) zion harako hura eta ez ziren gutxi halaxeko baten esperoan zeudenak.Aroa geldi eta bihotz arimak mutu Titinek sakea egin zuen ...Baita tantoa ere. Pilotak irabazle bat bereganatu zuen eta mito bat galdu.