HEZKUNTZA versus ILEGALIZAZIOA

Mikel Ezkai eta 15 langile 2008ko ots. 15a, 00:00

Aurrerago sinatu eta Altsasuko Aralarko Mikel Donea  BHIko langileak garenok, ondorengo hausnarketa egin nahi dugu bi alderdi politikoren kontra martxan jarri den ilegalizazio prozesuari buruz:1.- Azken urteetan botere publikoek norbanakoen eta kolektiboen eskubideak murriztu dituzte Euskal Herrian (baina ez Euskal Herrian bakarrik). Eskubideen murrizketa honek deklaratu gabeko "salbuespen egoera" baten aurrean gaudela adierazten digu. Eskola kontraesanean erortzen da, ezinezkoa baita pertsona kritiko eta askeak heztea botere arbitrarioek kontrolatutako gaur egungo eta  aurrera begirako errealitatea kontuan hartuz.2.- Komunikabideak ixteak (egunkariak, irrati emisorak, aldizkariak), gizarteko esparru askotako pertsonen atxiloketek (abokatuak, politikariak, irakasleak, kazetariak, kultura inguruko jendea, gazte militanteak...) eta  alderdi politiko eta elkarte kulturalak legez kanpo uzteak agertzen duten ideiekiko jazarpena larria da. Zalantzarik gabe, Historiako eta beste ikasgai batzuetako irakasleek iraganeko ekintza errepresiboekin batera azal dezakete gaur egungo jazarpena ("sorgin ehiza", inkisizioa, nazismoa, frankismoa..)3.- Biztanleriaren zati handi baten adierazpen askatasuna (artikuluak, prentsaurrekoak, hitzaldiak..), biltzeko eskubidea (manifestazioak, mitinak, kontzentrazioak...) eta elkartze eskubidea (alderdi politikoak, gazte elkarteak, elkarte kulturalak...) sistematikoki murriztu edo ezeztatu dituzte. Aurreko eskubideak aurrera eraman nahi izateak ondorio larriak izaten ditu gehienetan: poliziaren oldartze bortitzak, isunak eta atxiloketa gogorrak. Dokumentu hau sinatu dugunetatik inork ezin du bere klaseetan ideia guztiak hitzez defenda daitezkeenik esan.4.-Alderdi politikoak legez kanpo uzteak milaka eta milaka pertsonaren bozka eskubidearen urraketa dakar. Ez al da bozka eskubidea demokraziaren oinarria? Bozka eskubidea urratu zaien horiek ostrazismora, klandestinitatera eta isiltasunera kondenatuak daude. Nola azaldu  behar diegu gure ikasleei (adinez nagusi direnei edo laster izango direnei) beraien bozka eta bizitza asko baliogabetuak izango direla?5.-Biztanleriaren zati batek estatuaren organizazioa zalantzan jartzen du hitzaren bidez, ideia independentistak agertzen ditu edo botereak egindako proposamenekin hausten duten lurralde bateratzeak proposatzen ditu. Onartezina da estatuak edozein helburu edo aitzakia (terrorismoaren kontrako borroka) erabiltzea horrela pentsatzen dutenak fisikoki eta juridikoki zigortzeko.Gauza bera izango litzateke geure klaseak emateko modua edo planteamenduak zalantzan jartzen dituzten ikasleak zigortzea, erreprimitzea edo kanporatzea.6.- Biztanle batzuen kontrako fenomeno errepresiboa hiru zutabetan oinarritzen da: lehenik, botere betearazletik banatzen ez den botere juridiko politizatua. Bigarrenik, komunikabide handien onespen eta bat etortzea (agi denez, ez dira gai errealitatea behar bezala aztertzeko eta analisi politikoan zentzu pixka bat sartzeko). Eta azkenik, alderdien interesak, batzuek eraso hauek hitzez gaitzesten dituzte, baina gero ez dute inongo desobedientzia zibilik bulkatzen. Historia liburuak sakon aztertu beharko dira eta ikasleei zenbait gauza kontatu beharko diegu, Montesquieu baroia bere hilobian iraultzen bada ere. Bestalde, historia garaikideko ikaspen ona da; begira dezagun nola eta zergatik legegintzaldi bateko denbora motzean, boterea bakezale jaiki den eta gerlari oheratu behar den.7.- Gatazka politikoak, armatuak, edo besterik gabe giza gatazkak konpontzeko baliabideak hauek izan beharko lukete, besterik ez: pentsamendu librea, norberak nahi duen bezala antolatzeko gaitasun politikoa (aukera guztiak barne), negoziazioa eta elkarrizketa, eta, azken batean, herriaren babesa. Ziur gaude, gure ikasle gehienak aski adituak dira gatazkak konpontzen eta sen pixka bat jarriko luke helduen mundu ero honetan.8.- Bukatzeko, behean sinatzen dugunok gure konpromezu sendoa adierazi nahi dugu eskubide zibilen defentsan, estatuak ezeztatu egin baititu, eta helburu honekin bideraturiko ekimen guztiekin bat egin nahi dugu (14ko greba barne), batez ere guri dagokigun lan esparruan. Era berean, ikas komunitateko sektore guztiei deia egin nahi diegu, bakoitzak berea egin dezan zurrunbilo errepresibo honi aurre egiteko: ez dezala inork beste aldera begira. Garaiz gelditzen ez badugu, oldartze errepresiboak dena suntsituko du. Hezkuntza komunitatea honela ulertuko ahal du. Eta gerta daitezkeen eragozpenak barkatzen jakinen duelakoan gaude.Altsasu, 2008ko otsaila