Gauzak dauden moduan, ezin dut denbora gehiago isilik geratu. Ez da, ordea, nire pentsamenduak adierazteko hitza soilik; nire bihotzaren adierazpena ere bada. Kontua da kristau gisa ez naizela gustura sentitzen aspalditik. Gero eta ilunagoa ikusten dut gure apezpikuek hartu duten bidea; eta ez hori bakarrik, Eliza barruan gaudenoi eragiten digutena ere. Gure etorkizuna, Eliza gisa, gero eta ilunagoa ikusten dut. Ez nau batere harritzen jende askok egiten dutena: gure Eliza utzi (edo bertan ez sartu!). Betidanik eta betiko, Jesusengan daukagu oinarria eta jarraibidea, baina gizon hauek esaten dituzten gauzek ez didate Jesusengana hurbiltzen laguntzen. Jesus jendearen artean ibiltzen zen; ez urrun, gertu baizik, oso gertu. Bere ibilbideetan gaixoak, etorkizunik gabeko jendea ikusten zuenean, haien aldamenean geratzen zen. Haiek esan eta eskatzen zutena entzuten zuen, eta gero, bere esku zegoena egiten zuen. Gure apezpikuek ez dute entzuten, ez; beren hitza - ez Jaungoikoarena - adierazten digute eta guk nahitaez onartu behar dugu; baina horrela gure zauriak ez dira inoiz sendatuko. Ez da ez hau jarraitu behar dugun bidea! Mesede handi bat eskatu nahi diet gure apezpikuei: Mesedez, ixil zaitezte eta entzun errealitateak adierazten duena; ez goitik, behetik baizik. Horrela bai, gero eta posibleago izango dugu Jesusengana hurbiltzea.