Nirekin bat ez datorrena nire arerioa da? Sarri pentsatu izan ohi duguna agian ez da hain egia borobila. Ez ote dugu aurreko horrek eta nik biok uste baino elkar batzen gaituen gauza gehiago? Jaioterriak, hizkuntzak, kulturak, pentsamoldeak desberdinak baditugu ere, barren barrenean denok ditugu premia eta asebetetze berberak: estabilitatea, segurtasuna...Mundua oreka galduta dabil zeharo, batzuek alde batera egin nahirik eta besteek bestera. Badago zer ikasi kanpora begira. Palestina, esate baterako, egunak joan ta egunak etorri gure teleberrietan ageri da, Israeli aurre egin ezinda indarrak sakabanatzen elkarri erasoka. Hor dago Kosovo, urrutira joan gabe, Europa erdian, inoiz horrelako guda latzik gertatu ezin zitekeenik ere, eta hainbeste sufrimendu jasotakoa. Hau ez da Kosovo, zoritxarrez batzuen ustez. Gaizki pasatutakoagatik sariordaina ote? Harrigarria bada ere inbidia puntu bat diegu, kontutan hartu gabe zer galdu duten bidean eta agian zer datorkien oraindik. Pultsuari eutsi behar izango diote eta luzaroan, baina hemendik nire zorionik beroenak.Munduari so egite honek ematen didan ikuspegitik zera diot, lagun boteretsuak izatea gauza ona dela, sorte pizka bat ere beharrezkoa dela, askotan lan egite hutsarekin lortzen ez dena sorteak ematenbaitu, ausardia puntua nahitaezkoa egiten dela eta batez ere, indarrak batzearena funtsezkoena dela. Zertan ari gara, bada? Sukaldari finak ematen dituen Herri honek ezin du osagairik garrantzitsuena lortu?