Izan ere, lumaje guztietako putreek bat egin dute herri honen sektorerik biziena erasotzeko, bizirik jateko, hain baitira bozka eta boterearen gose! Baina, benetan mingarrienak beren burua abertzaletzat dutenen mokokadak izan dira.Horretarako ongi diseinaturiko hiru faseko estrategia erabili dute hauteskunde kanpaina honetan, zein baino zein lotsagabeagoa:Lehenik, demokraziaren oinarri-oinarrizko eskubideaz gabetu gaituzte, defentsa juridiko eta politikorik gabe utziz, hau da, hautatzeko eta hautatua izateko eskubiderik gabe utzi gaituzte.Ez du balio alderdien legearen kontra zaudetela esan, eta gizarte honetako hautagaitza garrantzitsu oso bat kanpoan uzten duen hauteskunde sisteman parte-hartzeak. Bigarrenik, abstentzioa izan da haien kanpainaren jomuga eta ardatzetako bat, hau da, defentsarik gabeko egoera salatzeko gelditzen zaigun aukera bakarra, abstentzioa, alferrikakotzat jotzea. Baina, abstentzioa da, oraingo honetan, independentzia defenditzeko jarrera duin bakarra; eta, bidenabar, estatuaren bidegabekeria salatzeko eta zuen lotsagabekeria agerian uzteko aukera ezin hobea.Hirugarrenik, jakina, haiei bozka ematea eskatu digute, herri honen hitza eta eskubideak defendituko dituzten bakarrak direlakoan. Azala behar da! Nola defendatu? Kolore guztietako indar errepresibo eta torturatzaileen gehiegikeriak bedeinkatuz, apika? Uxue Barkosen hitzak dira, ez nireak.Azkenik, astelehenean, emaitzak muturretik pasatuko dizkigute esanez "ezker abertzale ofizialeko" boto-emaileetako askok haiei eman diela botoa. Zertarako? Hori ez da alferrikakoa, hori geure buruaren kontra jotzea da. Putreak putre, han eta hemen.