Xabier Silveirak bertso afari baten epelean Frantzisko Xabierko berraragitua zela bota zuen airoski bere performanceari segida ezinago esoterikoa emanez. Apika jesuiten sotana beltz estuak dotore emanen lioke mutilari, batek daki. Ez alferrik Silveira dugu bertsolaritza modernoaren baratzak eman duen ale underground paregabe horietako bat. Baina berriki hauts lohiagoak harrotu ditu Lesakako bertsolariak "A las ocho en el Bule" eleberria argitaratuta. Inor gutxik egin du liburuaren gaineko iruzkin literariorik. Erdaraz idatzi eta argitaratu izanak, ordea, zer idatzirik franko eman du. Aldeko eta aurkako, luma oso nabarmenak zein ezezagunak, paperean nahiz sarean, argudio sakonetan barrena eta arrazoi merke eta mixerableen gaindi hitzen lihoa iruten aritu dira hainbat Bule-ren aitzakian. Euskaraz hazirik eta hezirik ( baita portugesez eta gaztelaniaz ere), Lesakako karrika euskaldunean kozkorturik, bertsoaren mama goxoan ondurik, aski izan du Silveirak Donostiako kale borrokaren lanbidea erdararen gerizpean aisatzeko. Ugari ziren lehendik asteburu gartsu horietaz geneuzkan zalantza, ziurtasun eta gogoetak. Orain Bule-ren gaineko eztabaida puri-purian dagoelarik galdera bat mokoka dabilkit. Errealitatea (bizitza) erdaraz bazen eta itxura (jantzia) euskaraz , Bulezaleen asmoak omen zirenak, hots, iraultza, gizartearen eraldaketa etab. azala (jantzia) ziren eta sistemaren ihesbideak mamia (bizitza)? Ala funtsean askorendako larunbat arratsaldeak emateko modu bat besterik ez zen?