Bukatu da hauteskundeen zalaparta. Preso eta iheslarien eskubideak izan dira kanpaina osoan aitatu gabeko eskubide bakarrak. Gai madarikatu tabua dirudi, politikoei buruhauste asko eta errenta-politiko gutxi ekartzen dien gaia, lotsarazten dituen gaia. Itxaropen guztiak eten nahi izan dizkigute kanpaina garaian: errepresiorik basatienaz kolpatu gaituzte eta errepresio oraindik basatiagoa agindu digute. Batzuek ekintza eta hitz zuzenez, besteek isiltze interesatuarekin. Errepresio latza jasanarazi digute eskubideez ari zirenek. Aspaldian izan diren sarekada handienak; bakearen alde ahal zuten dena jarri zutenen atxiloketak, hain zuzen. Preso kopurua orain arteko zenbakirik gorenera heldu da. Kartzeletan pauso larriak eman dira presoen aurkako erasoan, Puerto III lekuko. Sakabanaketaren ondorio larriak errepidean eta isolamenduan. Gaixoak. Hodei Ijurko etxarriarra da azken atxilotua, kolpatua du gorputza eta zauri handia buruan.Garrantzitsuak dira hauteskundeak preso eta iheslarien etorkizunerako, erabakigarria izan daiteke agintaritza nork duen, baina politikoek orain arte erakutsi diguten borondaterik ezak kezkatzen gaitu gu. Nolanahi ere, zain egonen gara. Baina, berriro diogu, eguneroko denon ahalegina izanen da erabakigarria. Gertakizun larriak astindu gaitu joan den aste hondarrean. Ez dugu nahi horrelakorik gehiago gerta dadin. Beraz, irtenbide demokratikoa exijitzen dugu, korapilo politikoa askatuko duen konponbidea, egoera larri honi amaiera emateko. Horrela soilik izanen dira betirako eta erabat aske gure senide eta lagun preso eta iheslariak. Bitartean, egoera salatzen jarraituko dugu, irtenbideak exijitzen, preso eta iheslariei gure maitasuna eta laguntasuna eskaintzen.