Igaro hilabetean, gure apezpikuei "ixil zaitezte" esan nien. Orain "gure herriko gudariei" "geldi zaitezte" esan nahi diet. Ez da ez, ekiteko modua. Horrela ez goaz inora. Argi eta garbi dago egoera honetatik atera behar dugula. Ez nago PSOE eta PP-k daramaten politikarekin ados, ez horixe. Baina ezin ditut, ezin ditugu, ekintza horiek onartu. Beste bide batetik abiatuko bagina, bestelako etorkizun irekiagoa ikusiko genuke. Denbora asko daramat nire buruari galdetzen; "posible izango dugu indarkeria ezaren bidetik abiatzea? Gure herria libre eta askeago ikusiko dugu?" Ez da ez, batere erraza bide horretatik abiatzea. Askoz gehiago eskatzen du esertzeak eta hitz egiteak. Baina, zenbat aldiz, alde batetik zein bestetik, moztu dira hitz egiteko aukerak? Zenbat aldiz, bakoitzak, bere boterea oinarri gisa hartuz, indarkeriaren bidea hartu du? Inor ez da beste inoren bizitzaren jabe. Ezin dugu besteren bizitza moztu. Inor ez da nor horretarako. Iragan hauteskundeak baino pixka bat lehenago, Madrilgo desastrea gertatu zen eta orain, Arrasatekoa. Gero, zer? Ondo pensatzeko gaia da. Duela 40 urte baino gehiago idatzi nituen hitz hauek:"Odola, izerdia eta malkoak nire Euskadi maitearen soroen gainean ixurtzen ikusi nituen. Galdetu nuen zergatik egiten zuen euria modu horretan, eta inork ez zidan erantzun. Aztertu nuen eta azkenean bai, erantzuna lortu nuen: Nere Euskadiko seme-alabak, haren askatasunaren alde borrokatzen zirela". Orain ez nuke horrelako hitzik idatziko, ez dudalako inor ikusten Euskal Herriko benetako askatasunaren alde borrokatzen. Hau marka!