1. Estimulazio kognitiboa. Denok onartzen dugu beharrezkoa dela gorputz ariketa egitea ohitura gisa, oinarrizkoena bada ere (oinez ibiltzea, alegia), arin eta osasuntsu mantentzeko. Frogatua dago gorputz ariketak eritasun batzuei aurrea hartzen diela eta beste batzuei aurka egiten. Lesioak sendatzeko ere funtsezkoa da. Berdin izan behar genuke kontuan gure gorputzaren beste zati bat, garuna, landu behar dugula.Estimulazioaren bidez ikasten dugu-eta ikasitakoa mantentzen eta hobetzen. Garunak ikasten duenean, aldatu egiten da haren egitura fisikoa, neuronen arteko loturak sortzen eta indartzen dira. Horrela, dena gordetzeko sare bat eratzen da. Zenbat eta sendoagoa izan sarea, emaitzak hobeak izanen dira eta zahartzearen eta garun gaixotasunen (dementzia, adibidez) aurrean erresistentzia handiagoa. Haurrek estimulazioa behar dute ongi garatzeko. Haurtzaroan dago garuna malguen eta orduan du egokitzeko eta ikasteko erraztasun handiena, orduan du plastizitate handiena. Zahartzean txikitu egiten da, baina ez da inoiz galtzen. Horregatik bultzatu egin behar zaio, ahal dela. Garuna bizitza guztian zehar estimulatu behar dugu. Gainera, zahartzaroan, kanpoko lana utzi, erantzukizunak gutxitu edota muga fisikoak agertzen direlako (mugikortasun, entzumen edo ikusmen zer edo zer galdu, adibidez), gutxitu egiten ditugu ahalegin kognitiboa eskatzen duten jarduerak. Bada, saiatu behar dugu jarduera horiek bilatzen eta antolatzen, eraginkorrak izan daitezen. 2. Estimulazio kognitiboa zahartze normalean.Gero eta ikastaro gehiago antolatzen dira oroimena lantzeko. Ikastaro horietan ikasketa errazteko estrategiak lantzen dira, besteak beste. Adindun asko kexatzen da oroimenak huts egiten diela. Ikastaroetan kezka hori mahairatzen dugu eta hobeki sentitzen gara jarrera aktiboa hartzeko. Gainera sozializazioa aisatzen da, taldean egiten baita. Bestalde, modan jarri dira beste metodo batzuk, adibidez buru ariketak dituzten bideojoko elektronikoak. Lagungarriak dira horiek ere. Baina estimulazioa modu askotara bultza daiteke, eguneko jardueren bidez edo gasturik ez dakartenen bidez. Gakoa da errazak, gustagarriak eta entretenigarriak izatea. Konparazio batera, mandatuen zerrenda ikasten saiatzea edo telefono zenbakiak buruz erabiltzea. Eguneroko gauzekin kalkuluak egitea, adibidez erosketako kontuak edo etxeko kontabilitatea eramatea. Irakurri, irratia aditu edo lehiaketak ikustea. Iragarkiak edo irakurri duguna gogoan gordetzen saiatzea eta gero lagun artean ateratzea. Eskutitzak edo oroitzapen batzuk, zergatik ez, idaztea. Denbora-pasak edo eskulanak egitea. Kartetan edo beste joko batzuetan aritzea. Garai bateko gauzak gogoratzea, argazki zaharrak ikustea. Gizarte jardueretan aritzea, elkarteetan edo boluntario gisa jardutea. Bilobekin jostatu edo etxeko lanetan haiei laguntzea. Filmak ikustea, museoetara eta ikuskizunetara joatea. Ateraldiak, bidaiak egitea, mapak aztertzea, ibilbideak edo jarduerak antolatzea. Eman izena ikastaroetan , horrela gauza berriak ikasi eta sortzaile izanen gara. Eta, batez ere, ez baztertu jarduerarik edo gauzak esperimentatzeko aukerarik "horra, zahartu naiz!" aitzakia paratuz.