Itxurakeria

Ane Miren Iruretagoiena 2008ko api. 4a, 00:00

Zalantzarik gabe irudiaren garaian bizi gara. Edozer gauza, zenbat eta liluragarri, xarmangarri, deigarriago izan, orduan eta hobeki. Arte munduan, esate baterako, lehen edertzat hartzen zena orain esparru txiki bat baizik ez da, edozer arte bihur daitekeelako, hau da, itsusitasunetik ere edertasuna sortzen delako.Hori horrela bada ere, zergatik ez aplikatu printzipio berbera emakumeon eta, oro har, gizakion itxurari? Hara hor, Frantzia errepublikarra erregina izatera pasa da, dotore jantzi eta pausua nola eman dakien bat agertu delako handik zehar. Gauza bera beharko luke gure politikak? Zenbaiten ustez euskal esparru politiko bateko emakumezko kideek bere militantziari zor dioten kode mari-mutilari itsatsita daude eta ongi depilatzen ez denak ez omen gaitu ongi ordezkatzen beste emakume guztiak.Modak irentsi gaitu jada. Nahi ez baduzu ere, ezin dituzu betaurreko arruntak erosi, dendan denak diseinukoak direlako. Horiekin ez dakit ondo ikusiko duzun baina seguru hobeki ikusia izango zarela.Honi lotuta, Glamour hitza. Oraindik gutxi arte ia-ia esanahirik ez zuena, eta gaur egun edonon eta edonoiz entzun daitekeena. Zer deritzozue glamour-ezaren glamourra? Ez al du xarma horrek? Munduko emakumerik ederrena izendatutako edonor ezin da konparatu National Geographic hartan azaltzen zen Afganistango neskatila harekin. Zer ez ote digu esaten aurpegi hark!Beraz, hau guztia laburbilduz, zeri begiratu behar zaio, azalekoari edo barru barruan dagoen horri?Zer diozu, neska! itxura zaindu beharra dago, noski, baina berriz diot, azalekoa ala barrukoa?