Euskal Herrian Euskaraz-ek Mankomunitateko Euskara Batzordearen, eta oro har, euskararen inguruan azken hilabeteotan izandako zenbait aldaketaren gaineko hausnarketa luzatu nahi du idatzi honen bidez.Urte luzez lanean aritu den Euskara Batzordeak egindako lana eta emandako pausuak nahi baino geldiagoak izan diren arren, argi dugu denborarekin errotzen eta fruituak ematen hasiak zirela. Baina, Mankomunitateko lehendakaritza aldaketarekin batera, urteetan zehar aurrerapausoak lortzeko euskararekin egindako lanketa eten egin da bat-batean.Lehen proposamena indarrean zegoen araudia aldatu eta Euskara Batzorderako Araudi Berria aurkeztea izan zen. Nagusiki, eta desadostasun zehatzez haratago, Araudi Berria proposatzeko erabilitako moduak berak kezkatzen gaitu. Euskara Batzordeko kideok ez dugu azken unera arte proposamenaren berri ofizialik eduki; are gehiago, gehienok Euskara Batzordearen bezperan jaso genuen idatzia (batzuek soilik gaztelaniaz!). Iruditzen zaigu honelako proposamenek garrantzi handia dutela eta ezinbestekoa dela araudia garaiz jasotzea behar adinako denbora eskaintzeko horren azterketari, euskalgintzaren iritzia ere kontuan hartu beharrekoa baita.Araudi Berriak jasotzen dituenen artean, bereziki ondorengo neurriak dira salatu nahi ditugunak. Lehenik eta behin, euskalgintzari boto eskubidea ukatzea onartezina iruditzen zaigu. Orain arte, euskalgintzako kideek bozka emateko eskubidea izan dugu, eta gure ustez hori da bide bakarra euskaltzaleon parte-hartzea bermatzeko. Izan ere, zein da euskalgintzari uzten zaion lekua, iritzia emateko eta gehiengoari Euskara Batzordeetara agertzeko aukerarik ere ematen ez zaionean? Zer onura ekarriko dio horrek euskarari eta sakandarroi, erabakiak soilik udal ordezkariek hartzen badituzte?Bestalde, kezkagarria iruditzen zaigu Euskara Batzordeko kide izateko euskara ondo ulertzearekin nahikoa izatea, horrek ez baitu inolaz ere bermatzen gune horrek euskara hutsez funtzionatuko duenik, orain arte egin duen moduan. Ez gaude prest guztiontzat hain agerikoak diren atzerapausoak onartzeko.Horretaz gain, bilerak egiteko Araudi Berrian jasotzen den maiztasunari ere ez deritzogu nahikoa, bi hilabetean behin (betiere hiru hilabetean behineko gutxienekoarekin) biltzearekin ez baitzaio euskarari merezi duen jarraipenik egiten. Euskarak lehentasunezko gaia izan behar du Mankomunitatean, eta horretarako gutxienez hilabeteko bilera bat egitea ezinbestekoa da, aurreko araudian jasotzen zen moduan.Bukatzeko, bere garaian euskalgintzako kide gehienek egindako helegiteak kontuan ez hartzea eta batere aldaketarik egin gabe araudiarekin aurrera egitea salatu nahi dugu. Orain arteko Euskara Batzordeetan argi ikusi ahal izan da euskalgintzako kide bakar bat ere ez datorrela bat Araudi Berriarekin. Halere, Lehendakaritzak gure proposamenei entzungor egin eta hasierako asmoei eusten jarraitzen du. Gerora ere, Euskara Batzordearen plangintzari ekarpenak egitea eskatu zaio euskalgintzari; zertarako, ordea, helegiteekin egin bezala, berehala alde batera uzteko? Hasieratik kezkatu gaituen funtzionamendu bertikalak bere horretan dirau.Euskalgintzaren parte-hartzea murriztuko duen araudirik ez!!!