Top model puska izatetik kantautore xuxurlari izatera eta gitarra laztantzetik Sarkozyren gorputz txiker eta zurrunari beso artean ostatu ematera, non eta Champs Elyse-etan eta gisa guztiz ofizialean. Hau guztia bere izen deiturei uko egin gabe. Hau da marka! Horra Carla Bruniren abiadura handiko ibilbidea urte gutxitan. Hasiera klandestino samarra eduki zuen bi maitaleon harremanak baina Sarkoren karrera politikoaren haria ez zegoen halako afera zorrotzei eusteko, zeren Frantzian maitale sutsuak gordeka izatea bezainbat itxura gordetzea nortasun nazionalaren bereizgarria da. Ondorioz, Bulebarrera juan ta pasiatzen hasi, Napoleonen gisara Egiptora jo eta Kleopatra berria sortu zitzaigun. Piramideei eta gameluei agian revival glamourtsu baten aurrean zirela otu zitzaien baina Marco Antonioren arrastorik ez inguruan eta asteme esnetan beste batzuk bainatu ziren. Eta zer izan zen gure kantautorearen berba profetiko xamur leunez? "Tout le monde" abestitik ostu diezaiogun puskarik eta gure baitan mustu: "Nolabait denok badugu barregarri bat , denok arima nahastu bat. Denok halako haurtzaro bat, ahazturiko poltsikoetan barrena urrumaka . Guztiok bakardadearen kontrako lege bat eskatu beharko genieke agintariei. Guztiok gure indiferentziaren kontrako lege bat eskatu beharko genieke agintariei, inor ahaztua izan ez dadin... inor ahaztua izan ez dadin".Ken Loach, eskoziar baztertu eta iraultza sandinistarik gabe artistaren mezua airez aire dabil, baita Parisko kanpoaldeko auzoetan. Sarkok apika bigarren ahotsa egingo dio Carlaren abestiari.