Pasa den astean harriduraz irakurri genuen Bakaiku Baik Guaixera bidalitako prentsa oharra. Bertan, EAE-ANVk interes partikularrak defendatzen dituela adierazten zuten. Ahaztu egin al zaio Bakaiku Bairi EAE-ANVk herriko boza emaleen %42 ordezkatzen duela? Interes partikularra al da hori Bakaiku Bairentzat?Argi dago ehun herritar horiek lekua behar dutela udaletxean, eta hori da ukatzen digutena. Ez dugu ezer berezirik exijitzen, gure eskubidea den udal bulego bat baizik. Euskal Herriko udaletxe guztietan, herritarren bozen bidez aukeratutako talde politiko guztiek dute gela. Bakaikun zergatik ez?Liburutegiaren proiektua oztopatu nahi dugula diote. Gezur itzela. Hainbat alditan esan dugu ados gaudela proiektu horrekin. Prentsa agerraldian adierazi genuen eta orain berretsi; prest gaude gure udal bulegotik beste udaletxeko gela batera joateko.Beste alde batetik, Bakaiku Baik hainbat txikizio eta koakzioen errua egozten digu ANVko kideoi. Salaketa larria eta frogarik gabekoa noski. EAE-ANV kriminalizatu eta errepresioaren jomugan jartzeko saiakera egiten ari dira. Zertarako? Zer lortu nahi dute? Aski ezaguna da Euskal Herrian horrelako salaketek duten erantzuna. Aitzakia horrekin gainera, gure bulegoko sarraila apurtu eta bertan sartu dira testigurik gabe. Martxoaren 9an gertatutakoaz ehun pertsonak dute errua? Eta EAE-ANVk? Herriaren zati handi bat horrelako aitzakiarekin eskubiderik gabe uztea, ez da udal batek izan beharko lukeen jokabidea.Dena den, prest gaude konponbide batera iristeko. Udalaren proposamenaren zain jarraitzen dugu eta hitz egiteko erabateko prestutasuna dugu.