Azken urteetako bideari segida emanez, Euskal Herrian Euskaraz erakunde euskaltzaleak aurreko igandean, V. Hizkuntza Eskubideen Eguna antolatu zuen Atarrabian.Euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa larria eta sistematikoa da Euskal Herrian. Egoera okerra izanagatik ordea, euskararen normalizazioaren bidezidorrean urrats ugari eman izan dira herri ekimenetik bideratuta. Aurrez-aurre aurkitu diren oztopo eta bide egitea ahalbidetzen ez digun edozein traba gaindituaz eman izan diren urratsak. Aurrera begira ere urratsak behar ditugu, esparruz esparru, lan ildoz lan ildo eta proiektuz proiektu, Euskal Herri euskalduna eraikitzera eramango gaituzten urratsak. Era berean argi ikusten dugu gaur egungo legedi eta hizkuntza politikak aldatu ezean, oztopoak eta trabak nabarmenak izango direla euskararen normalizazioa bilatzen duten urratsak ematerako garaian. Bada garaia, EHEren ustez, eskubide urraketak gainditu eta euskal herri euskalduna helburu izango duen hizkuntza politika garatzen hasteko. Honetarako ordea, euskarak ezin du menpeko hizkuntza izaten jarraitu. Estatus berria behar du euskarak, mendekotasuna gainditu eta euskal herritarroi hizkuntza politika burujabea garatzeko ahalmena emango digun estatus berria. Horixe da aurten Hizkuntza Eskubideen Egunak jaso nahi izan duen ideia nagusia. Hots, Euskal Herri euskalduna lortzea helburu duten egitasmo eta proiektu ezberdinak ezinbestekoak ditugula, baina era berean urrats horiek ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen euskarak lege eta hizkuntza politika berria behar dituela.