Guaixeren aurreko zenbaki batean, Sakanako EHEren "Arau murriztailerik ez" goiburudun gutuna argitara eman zen. Bertan luzatutako zenbait kritikekin ezin dugu bat etorri, eta zenbait argibide eman nahi genituzke, geuk ere.Diru eta giza baliabide ugari jartzen dituzte Sakanako udalek Mankomunitateko Euskara Batzordearen proposamenen eta Batzar Orokorraren erabakien mende. Izan ere, Euskara Batzorde horrek egindako proposamenak bere horretan onartu izan ditu Batzar Orokorrak, azken urteetan behinik behin. Urteotan, Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ez du prestakuntza planik osatu, ez erabilera planik, ez euskararen ordenantzen jarraipenik burutu baliabideak eskaini dituzten udaletan... Egoera horren aurrean, Altsasuk gutxieneko zerbitzua emateko eskaria egin zuen, baina ezezko biribila eman zitzaion Batzorde horretatik aurreko legegintzaldian. Irurtzungo, Olaztiko, Ziordiko, Bakaikuko eta beste udalerri batzuetako ordezkariek ere, zerbitzu falta azpimarratu eta salatu izan dute. Mankomunitateko gehiengo aldaketarekin batera, egoera horri aurre egitea ezinbestekotzat jo genuen, eta horretara bideratu genituen hainbat proposamen.Lehena, aurreko legegintzaldian aldatu zenaren ordez araudi berria aurkeztea izan da. Araudi proposamena beste talde politikoei lehenik, eta Euskara Batzordeko partaideei aurkeztu zitzaien ondotik. Gerora, denbora tarte zabala egon da proposamenak nahiz helegiteak aurkezteko.Esan bezala, aurreko legegintzaldian ere, aldaketak egin ziren Euskara Batzordearen araudian: taldeei nahiz udalei bozka bana esleitu zitzaien, inongo ponderaziorik gabe. Oraingoan, aldiz, bozka ukatzen zaiela salatu du EHEk. Izan ere, duela 4 urte ezarritako sistema hori erabat desorekatua eta injustua zelako aldatu nahi izan dugu berriro araudia, ondoko printzipioak oinarri hartuta:√ Bozkaren funtzio ordezkatzailea.√ Batzorde kontsultiboetan, ezagutzen ditugun beste guztietan, erabili ohi den funtzionamendu eredua.√ Aniztasuna eta beste gizarte eragile batzuk erakartzeko ahalegina.Udal ordezkariek, euskalgintzako eragileen iritzia aintzat hartu behar dute; baina baita beste gizarte eragile guztiena ere. Euskalgintzako zenbait taldek ordea, soilik eurentzako eskatu dutela bozka eskubidea araudiari aurkeztutako helegiteetan, ez beste gizarte esparruetako inongo ordezkarirendako.Edonola ere, Euskara Batzordea kontsultiboa da. Ez du erabakiak hartzeko ahalmenik eta ez zen horretarako sortu. Iritzien trukerako eta udal ordezkarien eta gizarte-eragileen arteko harremana bermatzeko sortutako gunea da. Hortaz, Euskalgintzako taldeen parte hartzea oso garrantzitsua da, baina, gure ustez, aipatu taldeon parte hartzea bezain garrantzitsua da ikastetxeen parte hartzea lortzea, hala nola beste esparru batzuetako ordezkariak erakartzea ere, direla merkatariak, ostalariak, kirol taldeak, langileen ordezkariak, enpresarienak, eta abar. Areago, udal ordezkarien parte hartzea eta inplikazio zuzena funtsezkoak dira, (alkateak balira hobe), ordezkari horiek baitira udaletan eta herrietan hizkuntza politika aplikatzeko ardura nagusia dutenak.Azpimarratu nahi dugu, araudi berriarekin ere, euskara dela eta izanen dela Euskara Batzordearen lan hizkuntza. Horri dagokionez, ezin gaitezke ados egon udal ordezkari batzuek eta Sakanako EHEko kideek agertu izan duten jarrera zurrunarekin, Mankomunitateko Euskara Batzordera mugatzen dena gainera, askotan ikusi izan baitugu irizpide hori darabilten duten batzuen ohiko jarduna zein den, hizkuntzei dagokienez.Bestalde, Mankomunitateko Euskara Batzordea hilero biltzeak ez du ezertxo ere bermatzen, orain arteko eskarmentuak erakutsi digun bezala. Areago, Sakanako herrietan Euskara Batzorde zabal eta anitzak osatzea eta abiaraztea zinez garrantzitsuagoa da; zailagoa ere bai, noski. Euskarari lehentasuna eman behar zaio mankomunitatean bai, baina batez ere udalerrietan, horietan bizi baikara Sakanako herritarrak. Orain arte jasotako emaitza urriek zerbait erakutsi behar ligukete, bada.Araudi berria Sakanako Euskalgintzako kide askoren iritzia aintzat hartuta osatu da. Aurrekoaren aldean, zabaltasunaren eta aniztasunaren aldeko apustua nabaria dela iruditzen zaigu. Ezadostasunak direla eta, argi utzi nahi genuke Sakanako EHEren zenbait ekimen desegokitzat jotzen ditugun arren, ez genukeela sekula EHE euskararen etsaitzat joko (erakunde horrek Nabairi egotzi zion bezala) eta errespetuz baina tinko, elkarrizketa nahiz elkarlanaren bila ahaleginduko garela, hori baitugu euskaldunok aurrera egiteko aukera bakarra.