Epaituak

Sakanako ETXERAT 2008ko api. 25a, 00:00

Astelehen honetan hasi da Askatasunaren aurkako epaiketa Madrilen. 27 euskaldun eseraraziko dituzte hiru hilabetetan akusatuen aulkietan. Zigor eskaerak ez dira nolanahikoak, 10 urteko kartzela eskatzen baitiete. Oso ondo ezagutzen ditugu epaituak, gure momenturik gordinenetan alboan izan ditugulako, gure premia gorrienetan beraien laguntasunak huts egin ez digulako. Harro gaude beraietaz, gure eta gure seme-alaba preso eta iheslarien ibilbide larrian bidelagun hurrenak izan ditugula aldarrikatu nahi dugu.Gurekin izan ditugu atxiloketa ondorengo lehen ordu samin eta urdurietan, beraiek izan dira gure ahotsa seme-alaba eta lagunen torturak salatzeko, beraiek jarri dituzte agerian kartzelako gehiegikeriak, beraiek izan ditugu lehen lerroan presoekiko legeak betearazteko eskabideetan, herria mobilizatu dute presoen alde. Errepresioaren aurkako borrokalari zintzo eta eragileak izan dira. Hori da beraien delitua, guzti horregatik epaitzen dituzte, guzti horregatik zigortuko. Presoen aldeko ahots oro isilarazi nahi dute epaiketa honekin, nolabait gu denok epaitzen gaituzte. Epaituekin gaudela aldarrikatu nahi dugu guk, publikoki eskerrak eman nahi dizkiegu gure senide preso eta iheslari eta guregatik, senideongatik, egin duten guztiagatik. Arnasa eman nahi diegu, oraingoan geu izanen gara beraien ahotsa itxuragabeko epaiketa hori salatuz, beraien errugabetasuna aldarrikatuz. Ez dugu etsiko presoen eskubideen alde.Maiatzean beteko dira 15 urte Pello Mariñelarena, etxarriarra, kartzelan hiltzen utzi zutela. Bera eta kartzelak hil dituen 6 presoak gogoratu nahi ditugu, kartzela tresna hiltzailea dela salatuz. Gogarazi ere 12 direla gaur egun kartzeletan osasun egoera larrian dauden presoak, Bautista Barandalla etxarriarra beraietako bat. Etxean eta bizirik behar ditugu, orain bertan.