Nork ulertzen ditu hainbat erakundetan ematen diren bozketak? Zuek bai? Azken boladan zenbait udalerritan dagoen alkatea kentzeko ahaleginetan dabiltza, urte bete ere eman ez duela. Lehen posible zena orain ez? Edo orain posible dena gero ez? Horrela ezin daiteke bizi, ezin du herri batek horrela bizi eta are gutxiago alkate batek, horrela ezin du inork bizi. Ideia bat edo beste duela ere, lanerako prest dagoena ezin da erre bere postua kolokan dagoenaren zalantzarekin. Demagun ateratzen den agintaria ez dela guztiz gustukoa, hori litekeena da, baina gutxienez, ateratzen denari edo hor jartzen duten hori errespetagarria da eta ezin du egonezinean bizi, lanerako patxada behar da eta. Badirudi lau urteko legealdiak luzeak direla, baina aurreko urtean atera zirenak martxa hartu orduko joan zaie urtea eta zerbait lortzerako joango zaie gelditzen zaiena.Nik bere burua kargu baterako aurkezten duenari begirunea diot. Auskalo bere arrazoiak, baina gutxienez besteei zerbitzatzeko aurkezten da eta hori gaur egun ez da gutxi. Politikariak gora, politikariak behera, politika bera besteekin sartzea dela dirudi eta jendeak maite ez duela dio. Baina...zer egingo genuke beraiek gabe?Ba hori, diodana zera da, egiten duenari, edonolakoa bada ere, egiten utzi behar zaiola, ahal denik eta gehien lagundu eta berarekin zenbat eta gutxi sartu ezkero, hobe denontzat. Hari aurka egiteko etorriko da hauteskunde garaia berriro eta hortxe lehiatu, gogor lehiatu ere eta ahal den neurrian aurre egiten saiatu baina bitartean...egiten utzi. Ez dago gauza okerragorik egin ez eta egiten ez uztea bezalakorik.