NOAINGO GUDU BERRIA (Muga beroetan)

Raf Atxuri 2008ko mai. 9a, 00:00

1521ko hartan jokatu zen Nafarroak bere Erresuma berreskuratzeko saiorik serioena Gesalazko zelaietan, Noain ondoan. Gudu luze eta odoltsua izan zen , milaka hildako eta gerorako oinazezko zauri latza. Jakina, orduko hartan Espainiako Erresuma osatu berri eta inperialak Jainkoari ere hika egiten zion eta orain arteko mendekotasuna irmotu zen suz eta ezpataz.1986ko hura ere gogoetan iltzatuko da luzaz, " Vascuencearen legea" deritzanaz ari naiz. Euskararen garabide guztiak kontrolpean izatea helburu eta fosil ezinago eder eta xahar hura ongi gordetzea xede taxutu zuten legea Urralbururen aroan. Geroztik ekarririkoa aski ezaguna da: lan munduan, administrazioan, hedabideetan, duintze kanpainetan deus gutxi eta irakaskuntzari dagokionez ekarpen politak bezainbeste hesi eta muga gotorrak, ikus dezagun bestela unibertsitatean, Lanbide Zikloetan zein Helduen irakaskuntzan euskarak daukan tokitxoa. Hizkuntz eremuekin berriro jo zuten putzu sakon eta ilunera, herritarrak zonaldeka bereiziz eta hara non Iruñerria bera eremu mistoaren eta ez-euskaldunaren artean banatu zuten. Ondorioz Artika edo Barañain bezain euskaldunak diren Aranguren edo Noain mistoerritik kanpo gelditu ziren, D eredua herri eskoletan debekatuz. Orain urte batzuk Noaingo eskolako zuzendariak aita bati esan zion eskola horretan D eredua ez zela sekula santan eskainiko. Aurten, ordea, lehendabiziko aldiz D eredua (eredu ingelesarekin batera) eskaini dute Noaingo eskolan eta hamar haur hasiko dira irailean euskal irakaskuntzan. Mugak muga eta hesiak hesi fosil omen zenak ez du amore ematen eta Tafalla eta Tuterarako bideari ekin dio.