Euskararen legeak bere horretan jarraituko du Nafarroan. Aurreko ostegunean, lehen aldiz 21 urtetan, lege hau aldatzekoak ziren. Txentxo Jimenezek (NaBai), ordea, oporretara joatea erabaki zuen Parlamentuan lanean behar zutenean - erabaki ulertezina euskaltzale guztiontzat-, eta boto baten faltan ez zen erreforma onartu. Aldaketa horren bidez, eremu mistoa Iruñerria osora zabaltzeko asmoa zegoen eta Aranguren, Galar, Beriain eta Noain Elortzibar udalerriek hainbat hizkuntz eskubide, -herriko eskola publikoan euskaraz ikasteko eskubidea adibidez-, bermatua izango zuten. Ezer gutxi eremuen zatiketarekin amaitu eta euskara lurralde osoan ofizial izan dadin nahi duenarentzat. Denborak aski ongi erakutsi du lege horrek ez duela balio euskarari behar duen tratamendua emateko. Gauza jakina da euskara ez dela behin ere normalizatuko euskararen legearekin, indarrean daramatzan 21 urte eta gero argi dugu hori. Euskal Herria osorako legedi bakarra eduki ezean, gure hizkuntza erabat gutxietsia edukitzera kondenatuak jarraituko dugu. Hori dela eta, euskara garatzen uzten ez duten legeak indargabetu behar ditugu. Horiek direlako euskararen muga eta oztopo, horiek ukatzen diotelako ofizialtasuna euskarari. Lege berri bat behar dugu, euskarari estatus berri bat eman eta bere ofizialtasuna aitortuko duena, Euskal Herriko lurralde osoan. Beraz, LEGEDI BAKARRA ETA EUSKALDUNA ORAIN!!!