Hil zaigu, ustekabean baina hil zaigu. Ama, aita, laguna, ezaguna, bizilaguna...Zenbat gauza gelditu zaizkigun esateko edo egiteko baina berandu, ezin da ezer egin, gogoratu ezik. Etsipenaz aparte damua, zergatik ez ote nuen hura egin, zertarako esan ote nion beste hura!Espabiltatzeko ordua iritsi da, ez daukanak nahi eta daukanak alperrik galtzen utzi. Hori gertatzen ari da hainbat ohiturekin. Euskal ohiturak bizimodu batetik etorri zaizkigu, nekazal bizimodutik. Orduan irauten zuten zentzua zutelako. Gure gizarteak ez daki nekazaritza zer den ezta bere zikloak ere, ez ditu ulertzen, zibernautak gara orain. Baina ezer bagara gaur, atzo zerbait ginelako da eta bihar izango gara atzokoari eta gaurkoari begiratuz. Dantza egiteak garai batean jai giroa suposatzen bazuen, orain lotsarazteko kontua da eta konpromisoa suposatzen du. Batak ez du egiten, besteak ez du egiten, eta azkenean horrela ez du inork egiten. Lakuntzako Alkate Dantza hilzorian dago, azken urteotan iraun badu edo erreibindikatzeko balio izan duelako izan da edo pertsona baten ahaleginari zor zaio. Bide batez eskerrik beroenak Urko Mauduiti, kanpotik etorri behar duelako herrikoak mugitzera.Herri guztietako dantzek ez daukate osasun bera. Altsasun San Pedrotan mundu guztiak dantza egiten du, korroa bukatzen denean, beste bat sortzen da. Jendeak parte hartzen du. Lakuntzan ordea, korroa egiten da baina begiratzeko. Nire ustez, meiki dabilenak uko egin lezake bakarrik. Plaza guztia dantzan balego, inor ez litzateke lotsatuko eta Herri bat garela frogatuko genuke. Ez al da hala?