Modu batean edo bestean, denok aurkitzen ditugu zailtasunak gure beharrak asetzearen eta kanpoko eskaerak betetzearen artean aukeratzeko. Gure inpultsoei kasu egitea bezain garrantzitsua da inpultso horiek kontrolatzen jakitea: Beti gure inpultsoei bakarrik kasu egiten badiegu, legez kanpo edo gizartera moldatu gabe biziko gara. Inpultsoak erabat alde batera uzten baditugu, berriz, pertsona izateari utziko diogu eta sistemako makineriaren zati bihurtu eta alienatuta biziko gara. Muturrera eramanda, hauek dira bi jarrera motak:1. Lehen kasuan, gorputzaren beharren araberako jarrera bat dago. Bere inpultso agresiboak edo sexualak kontrolatzen ez dakiten pertsonak talde honetan sartuko lirateke, eta baita menpekotasuna dutenak ere (substantzia desberdinekikoa, jokoarekikoa, eta abar.). Talde honen muturrean daudenak, gizartetik kanpo egon ohi dira (kartzelean...).2. Bigarren kasuan, inhibitutako jarrera bat dago. Gizakiak kanpotik datozen arauen menpe jartzen ditu bere beharrak eta inpultsoak. Lehen kasuan ez bezala, buruak soilik agintzen du funtzionamenduan. Asko pentsatzen du eta oso gutxi egiten. Mutur honetan, bizia kanpoko beharrei erantzunez egiten da eta kanpoko beharretara makurtuegia eta egokituegia dago. Bakoitzak egokitu zaion rola onartzen eta betetzen du. Norberaren beharrak eta izaera ahaztu egiten dira. Jarrera hau izan ohi dute sakoneko arrazoirik gabe arazo psikiatrikoak, depresioak, eta abar dituztenek.Bi kasu hauetan gorputzaren eta buruaren arteko disoziazio bat dago. Lehenengoan, gorputza bakarrik dago eta, bigarrenean, burua bakarrik. Osasun psikikoaren aldetik ikusita biak dira arriskutsuak. Gizakia bere burua aldatzeko gai da, bere jokamoldea errotik alda dezake. Baina bidea ez da erraza. Bere burua aztertu egin behar du, eta bizitzan pilatu duen mina arakatu. Eta mina, damutuz eta mina sentituz bakarrik pasatzen da. Ez da erraza, baina posible da.